Feminismoa

Gogoeta feministak mediatekan

Baionako mediatekak feminismoei buruz gogoetatzera gomitatu du martxo bukaera arte antolatu dituen ekitaldien bidez. Emazte idazle, antzezle, argazkilari eta militanteek parte hartuko dute topaketa, erakusketa eta ikuskizunetan. Uxue Alberdi eta Eider Rodriguez otsailaren 7an jinen dira.

Eider Rodriguez eta Uxue Alberdi otsailaren 7an jinen dira mediateka feministarat. JON URBE, FOKU
Iñaki Etxeleku.
2020ko urtarrilaren 20a
12:53
Entzun

Hiru hilabete guziz gai nagusi bat hautatzen du Baionako mediatekako kultura ekitaldien zerbitzuak. Idazle topaketa, hitzaldi, antzerki, erakusketa; forma ororen bidez jorratzen dute aldiro. 2020ko lehenbiziko gaia feminismoa izanen du. Hobeki erranik, Feminismoa(k), hala deitu baitu ekitaldien zikloa.

Mediatekako zerbitzuetako langileekin elkarlanean, taldean hautatzen dituzte jorratuko dituzten gaiak, abantzurat. Adrien Charbeau kultura ekitaldien zerbitzuburua da, eta, maiz aktualitateari hurbil diren gaiak badituzte ere, aitzinagotik erabakiak direla dio: “Iaz, fake news-ei buruz egin genuen; ekainean, etorkinei buruz… Maiz aktualitateari lotua da, baina ez dugu azken puntan erabakitzen. Aise lehenago hautatzen ditugu gaiak”. Emazteen kontrako bortizkeriak eta sexu erasoak anitz aipatzen diren garai batean heldu da hiruhileko hau, hala gertatu delako. “Egia da azkartu dela #metoo , #ballancetonporc eta halako mugimenduekin, baina aspaldian buruan genuen. Saiatzen gara jendeari interesatuko zaizkion gaien bilatzen, eta bereziki zerbait ikasteko aukera sortzen”.

Feminismoen ondotik, arrunt beste gisako gaiei lotuko zaizkie. “Adibidez, azken hiruhilekoan gizakiaren eta animaliaren arteko harremanaz ariko gara. Buruan dugu, bestalde, hiruhileko bat egitea kolapsologia, solastalgia eta gisako gaiei buruz. Orotarik bada”. Gilles Riviere mediatekako langileak parte hartu du antolaketan, euskal saileko sustatzaile izateaz gain. Gaiak garai honetakoak izatea ofizioaren errealitateari lotua dela dio, ezinbestez: “Garai honetako gaiak dira, zeren eta, mediateka izanez, denak gara nolabait liburu, film, dokumental berrien hartzaile. Beraz, gertatzen denaren barrandan gaude. Badituzularik hamar eleberri garai berean emazteen kontrako bortizkeriez, besteak beste, ohartzen zara zerbait gertatzen ari dela”.

Feminismoa(k) deitu dute, beraz, martxo arteko ekitaldi zikloa. Feminismo bat baino gehiago badelakoan, dio arduradunak: “Feminismoaren historiari oihartzun eginez izan da, mugimendu anitz izan baititu. Beti bizirik diren eztabaidak dira funtsean. Helburu bera izanik ere, mugimendu feminista guziak ez dira bide beretarik ibiltzen”. Rivierek adibide bat eman du: “Adibidez, Nancy Huston idazleak dokumental bat idatzi du ohiko feministek duten ikuspegi berdinzalearen kontra. Bera feminista da hastetik, baina gizona eta emaztea ez direla berdinak dio”. Mintzatzera gomitatu duten beste idazle bat aipatu du Charbeauk: “Baduzu Yamina Benahmed ere etorriko dena. Poule D liburua idatzi du emazteen zango-baloi talde batean parte hartzen duen emazte bati buruz. Ez du feminismoan molde hain militantean parte hartzen beste batzuen aldean, baina feminismoen aniztasun hori erakutsi nahi genuen”.

Gero, egutegi ezintasunek eta aurrekontu hertsatzeek gomit batzuei uko egitera behartzen dituela azpimarratu dute. “Ez dugu sekula gai bat bere osotasunean aipatzen ahal. Adierazpide ororen bidez egitea bilatzen dugu: ikuskizunak, proiekzioak, literatura topaketak, hitzaldiak”.

Alberdi eta Rodriguez

Euskal idazle eta sortzaileei ere lekua egiten die, aldikal, mediatekak. “Poz eta interes handiz kasu egiten dugu euskarazko ekitaldien garatzeko nahikariari, euskaldunak baditugulako mediatekan”, dio zerbitzuburuak. Erran behar da herriko etxeko euskara zerbitzuko aurrekontutik laguntza baduela, euskarazko gertakari bat antolatzen duen ber erdia bere gain hartzen baitu. “2019an, adibidez, 4.000 euro erabili ditugu euskarazko ekitaldien antolatzeko. Berez, ez da ikaragarria, baina, jakinez gure aurrekontu orokorra 10.000 euro inguru dela, bada zerbait”. Hiruhilero, bederen bi euskal saio proposatzen dituzte helduentzat, eta haurrentzat ere ekitaldi andana antolatzen du. Gehitu behar da euskal literaturako irakurleen kluba, hilabetean behin biltzen dena.

Feminismoen gaiari loturik, Uxue Alberdi eta Eider Rodriguez idazleak gomitatu ditu mediatekak, otsailaren 7rako. Riviere: “Biak jada etorri izan dira mediatekara: Uxue Alberdi ofizialki bere liburu baten aurkeztera, eta Eider Rodriguez kitorik etorri zen irakurle klubera. Justu-justua Euskadi literatur saria ukan baino lehen. Zinez aitzinera ekarri nahi genuen Lisipe bilduma”.

Dominique Sigaud idazlearen etorreraz ere arras kontent dira liburuzainak. La malédiction d’être fille (Neska izatearen madarikazioa, 2019, Albin Michel) liburuaren idazleak badu ezagupen. “Gainera, guziz militantea da”, dio Rivierek. “Ekintzan, eta ez bakarrik salaketan. Laster, emazteen kontrako bortizkerien behatoki bat muntatuko du. Oso harro gaude etortzen baitzaigu. Ez zen etorriko bere hitzaldia ez balitz izan azterketa zabalago baten karietara, sentitu izan balu ez genuela zinezko desmartxa bat”. Munduan gaindi neskek pairatu bortizkeriez idatzi duen liburua aurkeztuko du. “Datu gordin asko ekartzen ditu, emozio edo sentipenean egon gabe. Zenbaki harrigarriak ematen ditu”.

Liburu aipu eta idazle topaketez gain, ikuskizunei ere leku egiten die mediatekak. “Ez dugu gela egokirik horretarako, baina gero eta artista gehiagok eskaintza bat badute hain egokiak ez diren geletarako”. Formatu ttipiak, hots, liburu apalen artean koka daitezkeenak. Charbeauk aitortu du, halere, gogo onez har lezaketela horretarako apailatu egiazko gela bat. “Hori dugu traba, argiki. Ez dugu auditoriumik, are gutiago ikuskizun gelarik. Bizkitartean, badu alde ona, formatu ttipiko ikuskizunen eskaintzeko aukera ematen digulako. Tokiko konpainia anitzen galdeak heldu zaizkigu; irakurraldi antzeztuen egiteko, edo ipuin egokitzapen batentzat”. Hiru hilabetetarik behin bederen egiten dituzte halakoak.

Egiteko xedetan den Baionako Mediateka berria. Hitza

Garapen hamarkada

Mediatekak antolatu gertakariak ugaritu dira urteekin, eta publikoa liburutegira jinarazteko ahaleginean zinezko bilakaera bat izan du. Charbeauk argiki lotzen du mediatekako zuzendariaren nahikariari. “Isabelle Blain zuzendaria 2007an jin zen mediatekara, eta, egiak bere bidea behar baitu, hortik aitzina izan da animazioen antolatzeko egiazko politika bat. Dugun aurrekontua azkarki emendatu da, baina, buxetaz harago, bada borondatea gunea ez dadin bakarrik izan liburu mailegatzeko”.

Tokiko eragileekin harremanean aritzeak duen munta azpimarratu du Rivierek. “Ahal bezainbat ari gara tokiko elkarteekin. PAFekin, aldi honetan. Aldiro jende berria dakar. Anitzek deskubritu dute mediateka gaualdi bat dela medio, eta harpidetu dira. Ez da aldi bakar egiten den gauza: urteak behar dira”.

Xedetan den eraikin berria baizik ez dutela falta aitortu dute. “Barne zaharkitu batek ez dio jendeari gogo handirik ematen etortzeko”. Bizkitartean, herriko bozak iragan arte iguriki beharko dute, gauzak ez baititu guziz trenkatuak Baionako Herriko Etxeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.