Gogorza preso gaixoa Sevillatik Basauriko kartzelara ekarri dute

Euskal presoak nahaste obsesibo-konpultsibo larria du; hamahiru urtean zortzi espetxetan egon da

Erredakzioa
Donostia
2012ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Aitzol Gogorza euskal presoa Sevilla II espetxetik (Espainia) Basauriko espetxera ekarri dute. Hain justu, igaro den ostiral gauean iritsi zen Basaurira, egun osoko bidaiaren ondoren. Gogorza preso dauden gaixo larrietako bat da, eta behin-behineko espetxeratze egoeran dago. Hamahiru urte daramatza preso, eta nahaste obsesibo-konpultsibo larria du.

Frantzian izan zutenean, laguntza psikiatriko espezializatua behar izan zuen. Frantziako zigorra beteta, Espainiaren esku utzi zuten iazko ekainean; geroztik, haren egoerak ez du hobera egin. Soto del Real espetxean, esate baterako, tentsio uneak bizi izan zituen hango funtzionarioekin, eta bakartze egoera ezarri zioten. Ondorioz, gaixotasuna larriagotu egin zitzaion.

Gogorzak Frantziako eta Espainiako zortzi espetxe ezagutu ditu preso daramatzan urteetan: Fresnes, Villepinte, La Sante, Fleury, Moulins, Poissy, Soto del Real eta Sevilla. Herrira mugimenduak adierazi duenez, Gogorzak aske egon beharko luke bere osasun egoerari era eraginkorrean aurre egin ahal izateko, «bere inguru afektiboan eta osasuna zorrotz zaintzeko moduan».

Vargas urrundu egin dute

Mikel Vargas presoa, berriz, Martuteneko kartzelatik (Gipuzkoa) Dueñasko espetxera eraman dute (Espainia). Vargas, beste hamalau pertsonarekin batera, 2007an atxilotu zuten, Espainiako Auzitegi Nazionalaren inguruan. Fernando Grande Marlaska epaileak aske utzi zuen, 6.000 euroko bermea ordainduta. Iazko urriaren 3an berriro atzeman zuten, ordea; Segiko kide izatea leporatzen diote Vargasi, eta kale borrokako ekintza batzuetan parte hartu izana ere bai. Martxoaren 3an urrundu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.