Goi karguen soldatak ez igotzea proposatu du Bilduk

Zuzenketa baten bidez, Nafarroako Gobernuko goi karguei ezarritako osagarri berria kentzeko asmoa du koalizioak

joxerra senar
Iruñea
2011ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Hauteskunde kanpainaren erdian, Nafarroako Gobernuak presidentearen zein gobernuko goi kargudunen soldatak batez beste %15etik gora igo ditu, baina iritzi publikoari iragarri dio «soldata jaitsiera» bat dela. Hori ikusita, Bildu koalizioak jakinarazi du diru osagarri hori kentzeko eskatu duela 2012ko aurrekontuei aurkeztutako zuzenketa baten bidez. «Ezkutuan jasotzen zituzten dieten eskandalua izan eta gero, gehigarri horiek Nafarroako aurrekontuen bidez ordaintzea nahi du Nafarroako Gobernuak», salatu du.

Nafarroako Kutxatik gobernuko arduradunek jasotako dieten auziak sumina eragin du Nafarroan. Iragan hilabetean jakin zen Yolanda Barcinak, Miguel Sanzek, Enrique Maiak eta Alvaro Mirandak Nafarroako Kutxatik dieta bikoitzak jasotzen zituztela batzorde ezezagun bati esker: diru sari horiei esker euren soldata bikoiztea lortzen zuten.

Orain gobernuak erabaki du dietak kentzea baina osagarri baten bidez soldatak igotzea: Barcinak 2012an 23.000 euro gehiago kobratuko ditu; presidenteordeek 16.100 euro gehiago eta kontseilariek 11.000 euro gehiago. Hori nahikoa izan ez, eta igoera hori «soldata jaitsiera» dela saldu du gobernuak: goi kargudunen aurtengo soldata oinarriari Nafarroako Kutxatik jasotako dieta itzelak gaineratu dizkio —presidentearen kasuan 162.000 euro, guztira— eta ondoren 2012an proposatzen den soldatarekin alderatu du «jaitsiera» arrazoitzeko. Egiazki,soldata igo egingo da, ordea.

Hori ikusita, Bildu koalizioak jakinarazi du zuzenketa bat aurkeztuko diela aurrekontuei. Bertan, aurtengo soldata oinarriari eustea eta aste hasieran gobernuak onartutako «dieta berria» kentzea proposatuko du. Bilduren ustez, «lotsagarria» da gobernua bera gastu publikoa murrizten eta funtzionariei soldata izozten ari den honetan goi kargudunei soldatak igotzea.

Herenegun, NaBaiko Patxi Zabaletak ere kritikatu zituen neurriok. Zabaletak gogora ekarri du urteetan UPNk nabarmendu duela bere agintariek beste autonomia erkidegoetako goi kargudunek baino gutxiago kobratzen zutela. Gezurra agerian geratu dela deritzo. Bereziki deigarria egiten zaio Barcinak eta Sanzek dietekin urtean 69.000 euro jaso beharrean 162.000 euro irabazten zutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.