Ikasleek "gustuen” arabera aukeratzen dituzte ikasketak, Batxilergoa gainditu eta goi mailako ikasketak egin behar dituztenean. Ordea, aukeraketa horren atzean genero estereotipoak egon daitezkeela ohartarazi du Emakundek. Hala geratu da agerian Emakumearen Euskal Erakundeak egin berri duen ikerketa batean.
Izaskun Landaidak, Emakundeko zuzendariak, neska-mutilen ikasketa hautuan lan egitearen garrantzia nabarmendu du. “Lan merkatuko, harremanen arloko eta gizarte ordenako desberdintasunak gutxitzeko lagungarria izango da”.
Landaidak urratu beharko liratekeen zenbait lan ildo xehatu ditu. Batetik, enplegua izan beharko litzateke muina nesken heziketan; eskubide eta betekizun indibidual gisa aurkeztu behar zaiela gaineratu du: “Burujabetza eskaintzen du, eta hori funtsezkoa da burujabetza pertsonalerako”. Bestetik, mutilen kasuan, etxeko lanetan eta familia arduretan erantzukidetasunez jokatzeari buruzkoak azpimarratzeko eskatu du Landaidak: “Funtsezkoa da ikasleek bere egitea produkzio jardueren oinarrian erreprodukzio jarduerak daudela, eta oraindik ere emakumeak arduratzen direla horiez”.