Espainiako Gobernuak Deikaztelu (Nafarroa) eta Itsaso (Gipuzkoa) artean egin nahi duen goi tentsioko linea berriaren aurka egiteko plataforma eratzeko lanean hasi dira proiektuak eragiten dien udalak eta kontzejuak. Goi tentsioko linea berriak 120 kilometroko luzera izango luke, eta Estellerria, Iruñerria, Basaburua, Imotz, Sakana eta Goierri hartuko lituzke.
Plataforma nola eratu zehazteko, lehen bilera egin zuten proiektuak eragiten dien udalerrietako berrogei bat hautetsik Berriozarko Musika Eskolan, atzo. Bileran izan zen Alberto Frias Lurra taldeko zein Castejon-Gasteiz tentsio handiko linearen kontrako plataformako ordezkaria ere. Nafarroako eta Gipuzkoako 150udali baino gehiagori eragiten die egitasmo berriak, eta jadanik hirurogei batek proiektuaren aurkako arrazoibideak aurkeztu dituzte.
Friasek Espainiako Gobernuaren jokabidea salatu du. Deikaztelu eta Itsaso lotuko lituzkeen tentsio handiko linea elektrikoaren proiektu berria abuztuaren 3an eta 4an iritsi zen Nafarroako zein Gipuzkoako udaletara. Hilabete horretan udal askotako idazkariak oporretan egoten dira, eta herriko etxeetan lan gutxi egiten da. Horrenbestez, udal askok orain jakin dute proiektuaren berri, eta askori alegazioak egiteko epea pasatu egin zaie. Hori argudiatuz, alegazioak aurkezteko epea luzatzeko eskatu dute hainbat udalek, eta epez kanpo bada ere, alegazioak bidaltzen jarraituko dute. «Ez da bidezkoa proiektuaren informazio publikorako epea abuztuan izatea. Ez genuen espero atzeko atetik, ezkutuan eta txintik esan gabe aurreko proiektuaren ordezko bat ekarriko zutenik».
Duela hiru urte Castejon (Nafarroa) eta Gasteiz lotu nahi zituen goi tentsioko linea bat eraikitzeko proiektu bat aurkeztu zuen Espainiako Gobernuak. Alabaina, ingurumenari egiten zion kaltea eta herritarren kontrako iritzia aintzat hartuz, bertan behera utzi zuen iragan azaroan. Proiektu berria abuztuan aurkeztuz herritarren erantzuna «otzandu» nahi dela uste du Friasek.
Beharrik ez
Egitasmo berria 120 kilometroko goi tentsioko linea bat da, eta Estellerritik Goierriraino doazen lurrak zeharkatzen ditu hainbat korridoretatik. Aurreko proiektuak ez bezala, berriak Iruñerria, Basaburua eta Gipuzkoako Goierri eskualdea ere hartuko lituzke. «Arazoa ez da nondik doan goi tentsioko linea, azpiegitura hori ez dela beharrezkoa argi uztea baizik. Proiektuak ez du justifikaziorik. Aurka eginen dugu, eta aurrekoaren zorte bera izaten saiatuko gara».
Castejon-Gasteiz proiektuak esaten zuen iragaten zen herrien elektrizitate beharrak asetzeko ere egiten zela, baina Itsaso-Deikazteluk hori ere ez duela egiten dio Friasek. Horretaz gain, ingurumenari egiten dion kaltea azpimarratu du. 69 korridore izanen lituzke, eta zati gehienak babestutako natur eremuetatik pasatzen dira. Proiektuak hemeretzi zati ditu, eta hamazazpi babestuak dira. Baina hori bakarrik ez, goi mailako tentsio lineak izanen dituen hemeretzi zatietatik hamalautan jendea gertu bizi da. «Goi tentsioko linea jarri nahi den tokitik 500 metro baino gutxiagora bizi da jendea Gipuzkoako eta Nafarroako 43 herritan. «Osasunaren eta ingurumenaren aurkako proiektua da, eta ez dujustifikazio ekonomikorik».
Plataforma berria eratzeko lanean hasita, aferan zeresana izanen duten gainontzeko erakundeen ezetza lortzeko ahaleginean lanean hasiko dira proiektuaren kontrako udalak eta kontzejuak. Izan ere, gisa honetako azpiegitura gehiago egiteko asmoa bada Euskal Herrian, eta aurkako mugimendu gehiago eratu dira beste toki batzuetan. Joan den apirilean, adibidez, Gueñes (Bizkaia) eta Ezkio-Itsaso (Gipuzkoa) artean goi tentsioko linea eraikitzeko egitasmoaren aurkako manifestua sinatu zuten ia 50 hautetsik. Linea 24 udalerritatik igaroko litzateke, eta horietako askotan sortzen hasi den aurkako jarrera agerian utzi zuten udal ordezkariek. PPkoek salbu, udaletan ordezkaritza daukaten alderdi politiko guztietako hautetsiek erakutsi dute proiektuaren aurkako jarrera.
Goi tentsioko linea berriaren aurkako plataforma bat sortuko dute
Proiektu berriak 120 kilometroko luzera luke, eta Itsaso eta Deikaztelu lotuko lituzke
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu