azpiegiturak

Goi tentsioko lineak ez eraikitzeko, ahaleginak eta bi egingo ditu Autopista Elektrikorik Ez taldeak

Pozik agertu da Espainiako Gobernuak goi tentsioko lineen tramitazioa eteteko hartu duen erabakiarekin. Deikaztelu (Nafarroa) eta Ezkio-Itsaso (Gipuzkoa) arteko linearen aurkako plataforma da.

2012ko apirilaren 24a
17:06
Entzun

Autopista Elektrikorik Ez plataformak begi onez hartu du gaur Espainiako Gobernuak goi tentsioko bi lineen tramitazioa eteteko hartu duen erabakia. Behin-behinean proiektuak bertan behera utzi dituela iragarri zuen atzo gobernuak, eta proiektu horien artean dago Deikaztelu (Nafarroa) eta Ezkio-Itsaso (Gipuzkoa) artean egitekoa zuten goi tentsioko linea —plataforma linea horren aurka dago—.

Pozik egon arren, Alberto Frias plataformaren aholkulariak ohartarazi du ez dutela gaia "amaitutzat" ematen, eta Deikaztelu-Ezkio-Itsaso goi tentsioko linea eraiki ez dezaten ahaleginak eta bi egingo dituztela azaldu du. Plataformaren izenean, Friasek hitz egin du gaur Iruñean, goi tentsioko lineak eragiten dien herrietako hainbat alkate eta zinegotzirekin. 

Plataforma osatzen duten 191 erakundeen artean hamar laguneko batzorde bat sortuko dute, Nafarroako, EAEko eta Gipuzkoako ordezkariekin hitz egiteko.

Manifestazioa hilaren 30ean

Horrekin batera, Aste Santuan hasi zuten mendi martxarekin jarraitzeko asmoa dutela jakinarazi dute, proiektuak izango dituen eraginak ezagutzeko. Hilaren 28tik aurrera eta hiru egunez, hainbat herri bisitatuko dituzte. Hilaren 30ean manifestazio bat egingo dute Lizarran (Nafarroa), goi tentsioko linea behin betiko bertan behera utz dezatela eskatzeko.

Red Española Electrica de España SA enpresak 120 kilometroko goi tentsioko linea bat eraikitzeko asmoa zuen Deikaztelutik Ezkio-Itsasora, 46 metroko altuerako dorretxoekin.

Iazko abenduan ehun udalek baino gehiagok eman zioten ezezkoa goi tentsioko lineari.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.