«Goi tentsioko linearen aurkako lana bizkortuko da»

Proiektua oraingoz etetea ontzat jo du Nafarroako Autobide Elektrikorik Ez taldeak, baina protestei eutsi die

edurne elizondo
Iruñea
2012ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
«Goi tentsioko linearen aurkako gure lana ez da hemen amaitzen. Bizkortu eginen dugu». Horixe erran du Autopista Elektrikorik Ez plataformako aholkulari Alberto Friasek Iruñean, Espainiako Gobernuak plazaratu azken dekretuaren harira.

Batetik, Aste Santuan hasitako mendi martxak segida izanen du. Hilaren 28, 29 eta 30ean Iruñea eta Lizarra arteko bidea eginen dute, jakiteko zein eragin izango lukeen goi tentsioko lineak tarte horretan. Hilaren 30ean, martxaren amaieran, manifestazioa eginen dute Lizarran, 18:30ean. Bertzetik, Autobide Elektrikorik Ez plataformako kideek elkarrizketara deitu dituzte Nafarroako Gobernuko, Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko agintariak. «Asmoa da erakundeok Espainiako Gobernuari argi uztea ez dela behar goi tentsioko linearik», azaldu du Friasek.

Espainiako Gobernuak onartutako dekretuaren bidez, Industria Ministerioak urratsa egin du Europako zuzentaraua ezartzeko, gasaren, telekomunikazioen eta elektrizitatearen sistema berrantolatzeko. Horren ondorioz, Espainiako Gobernuak gogoeta hasi du erabakitzeko ea goi tentsioko linea gehiago behar diren, eta, bitartean, bertan behera utzi ditu Hego Euskal Herrian abian ziren bi egitasmoak, bat Gueñes (Bizkaia) eta Ezkio-Itsaso artean (Gipuzkoa), eta bertzea Deikaztelu (Nafarroa) eta Ezkio-Itsaso artean.

Azken proiektu horren kontra bat egindako ia 200 hautetsien ordezkariak agertu dira Iruñean jendaurrean, Alberto Frias aholkulariarekin batera. Ontzat jo dute Espainiako Gobernuak erabakia hartu izana proiektuak behin-behinekoz bertan behera uzteko, eta nabarmendu dute goi tentsioko linearen aurkako plataformak berak mahai gainean jarritako argudioak baliatu dituela Espainiako Gobernuak.

Kontsumoak behera

«Espainiako Gobernuak berak zalantzan jarri du goi tentsioko linearen beharra», erran du Friasek. Zehaztu du argindar kontsumoak behera egin duela, eta hori kontuan hartu beharko dela plangintza berria egiteko. Izan ere, oraingo egitasmoak eten eta gero, Espainiako Gobernuak ekainaren 30a bitarteko epea eman dio Red Electrica de España enpresari beste plangintza bat aurkezteko. «Plangintza berri horretan ez lukete jaso behar goi tentsioko linea», ohartarazi du Friasek.

Espainiako Gobernuak bere dekretuan emandako argudioez gain, goi tentsioko lineak ingurumenean eraginen lituzkeen kalte larriak ere nabarmendu ditu Friasek, eta goi tentsioko lineen egitasmoen kontra egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.