Goi tentsioko linearik ez egiteko eskatu dute hautetsi eta kirolari ugarik

Proiektuaren inguruko informazioa zabaltzeko eta egitasmoaren kontra protesta egiteko eskatu diete herritarrei

Itxakoko jokalari eta pilotari ugari izan ziren atzoko agerraldian. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Iruñea
2012ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
REE Espainiako Sare Elektrikoak Ezkio-Itsaso (Gipuzkoa) eta Deikaztelu (Nafarroa) artean eraiki nahi duen goi tentsioko linea ez egiteko eskatu dute hainbat kirolarik, eta babesa adierazi diete proiektuaren aurka azaldu diren 208 udaletako alkateei. Lineak ingurumenean eragin handia izango lukeela ohartarazi dute zenbait kiroletako profesionalek, eta zeharkatuko lituzkeen herrietako biztanleen osasunari kalte egingo liokeela salatu dute: «Kirolariak gara, natura maite dugu, gure herrien garapenarekin konprometituta gaude».

Agerraldi jendetsua prestatu zuen atzo Autobide Elektrikorik Ez plataformak, goi tentsioko linearen aurkako adierazpen bat irakurtzeko. Prentsaurrean izan ziren, besteak beste, Andrea Barno, Nerea Pena eta Naiara Egozkue Itxako eskubaloi taldeko jokalariak, eta Oinatz Bengoetxea, Juan Martinez de Irujo eta Aitor Zubieta pilotariak. Atzo aurkezpenean zeudenez aparte, beste kirolari batzuek ere atxikimendua eman diote adierazpenari; esaterako, Mikel Nieve txirrindulariak, Mieltxo Saralegi harri-jasotzaileak, eta Iraitz Olasagasti Triman Navarra-Xota areto futbol taldeko jokalariak.

Oinatz Bengoetxeak eta Nerea Penak irakurri zuten manifestua. Konpromisoa azaldu dute Autopista Elektrikorik Ez plataformak antolatutako mobilizazio guztietan parte hartzeko. Ohartarazi dute goi tentsioko lineak 120 kilometroko bidea izango lukeela eta 50 metroro dorre bat beharko lukeela; kirolarien iritziz, horrelako proiektu batek beharrezkoa du informazioa herritarren artean zabaltzea. Uste dute, gainera, orain arte ez dela horrelakorik eskaini.

Horrez gain, kirolariek dei egin diete lineak zeharkatuko lituzkeen herrietako biztanle eta eragileei proiektuari buruzko informazioa biltzera, hedatzera eta proiektu horren aurka lan egitera. Erakunde publikoei ere zuzendu zaizkie; eskatu diete herritarren interesak bermatzeko, eta goi tentsioko lineak zeharkatuko dituen eskualdeen garapen «orekatua» defendatzeko.

Erakundeei bilera eske

Plataformako bozeramaile Alberto Friasek, berriz, herritarren hitza aintzat hartzeko eskatu dio Yolanda Barcinari, Nafarroako Gobernuko presidenteari: «Zer gehiago egin dezakegu entzun gaitzaten eta gehiengoaren borondatea errespetatu dezaten, Barcinak ez badu gurekin batzartu ere egin nahi?». Hain zuzen, plataformako kideek bilera bana eskatu zieten, maiatzaren 23an, Barcinari, Eusko Jaurlaritzako Industria sailburu Bernabe Undari eta Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitanori.

Plataformak elkarretaratzeak antolatu ditu ekainaren 23rako Altsasun, Leitzan, Lizarran, Ororbian eta Seguran, eta Friasek dei egin die herritarrei protesta horietan parte har dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.