Goian behean bota du euria ipar isurialdean, eta errepide batzuk itxi behar izan dituzte

Gipuzkoako ekialdean pilatu dute ur gehien, eta Oriari eta Urumeari so egon dira; eguraldiak hobera egingo du gaur

Urumea ibaia, Hernani parean, errugbi zelaian sartzeko zori-zorian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
Bilbo
2011ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Euria mardul eta haizea bizi izan ziren atzo Euskal Herrian, ipar isurialdean batez ere. Eguraldi makurragatik alerta ezarri zuten erakundeek zazpi herrialdeetan. Bizkaiko bi errepide eta Nafarroako bat itxi behar izan zituzten, putzu handiak sortu zirelako, ibaian ur guztia kabitu ezin eta. Hala ere, Gipuzkoan egin zuen euri gehien, kostaldean eta ekialdean batik bat. Hainbat lekutan sartu zen ura. Iragarpenen arabera, altxatzera egingo du gaur eguraldiak, eta euri gutxiago egingo du.

Goizaldean etenik gabe egin zuen euria atzo. Gipuzkoan, kasurako, suhiltzaileek irteera bat baino gehiago egin zituzten, ura sartu zelako hainbat garajetara. Aian, Zestoan, Antzuolan, Zumaian eta Legazpin aritu ziren lanean. Herrialde horretan batu zuten euri gehien neurgailuek: herenegun eguerditik atzo goizera arte, 121 litro egin zituen metro koadroko Leitzaranen, 104 Berastegin, 99 Lasarten eta 98 Añarben. Inguru horietatik igarotzen diren ibaietan izan zuen horrek eragina, batez ere Orian eta Urumean. Alertaren aurreko maila gainditu zuten goizean. Ohiko irudia errepikatzear izan zen: Hernaniko errugbi zelaia, ur putzu batek estalita.

Litrotan euri gutxiago egin zuen Bizkaian, baina hiru errepide itxi zituzten. Mungia eta Plentzia arteko bidean, BI-2120 errepidean, ibaiko ura eta aurrez bidean pilatuta zeuden ur putzuak batu ziren; Zornotzan, N-634 errepidea zarratu zuten ur putzuek eraginda. Berriatuan, luizi batek eragin zuen errepidea itxi behar izatea.Arratsalderako atertzera egin zuen, eta ez zen eragozpen handiagorik sortu. Hala, Bilbon ibaiak eutsi zion kanpora atera gabe, nahiz oso hazita joan zen.

Errepide itxiak, Nafarroan ere, Sakanan. Uharte-Arakil parean gainezka egin zuen Arakil ibaiak, eta goizean itxi behar izan zuten NA-2410 errepidea. Egun batean ia hirukoiztu egin da ibai horren altuera, Nafarroako Gobernuaren arabera. Metro bat zuen herenegun, eta 2,87 bazituen atzo. Nafarroan, iparraldean egin zuen euri gehien atzo. Baztanen, kasu, 95 litro batu zituzten egunbetean.

Lapurdin, Baxenabarren eta Zuberoan alerta indarrean jarri zuen Pirinio Atlantikoetako Prefeturak. Putzuak sortu ziren herrietako errepideetan, eta elektrikarekin ere arazoak izan zitezkeela ohartarazi zieten herritarrei.

Autobidea itxita, lau orduz

Euriak eta haizeak eraginda, arazoak izan ziren aireportuetan. Hondarribian (Gipuzkoa) lurreratzekoa zen aireko bat Loiura (Bizkaia) desbideratu zuten, ezinean zebilelako haize ufaden eraginez.

Airekoek baino arazo gehiago izan zituzten, hala ere, lurreko garraiobideek. A-8 autobidean, Eibarren (Gipuzkoa), irauli egin zen kamioi bat goizean. Donostiarako bidea lau orduz eduki zuten itxita. Gasolioa zeraman kamioiak, eta lanak izan zituzten biltzen. Ilarek hamar kilometro izan zituzten.

Baretzera egingo du gaur aroak. Euskalmeteko meteorologoek iragarri dute euri gutxiago egingo duela eta ostarteak ere izango direla arratsalde partean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.