Ilusioa. Horixe izan zen joan den larunbatean Lazkaoko Areria elkargunean hitzetik hortzera entzun zitekeen hitza eta senti zitekeen sentimendua. Goierriri pausoa emateko garaia iritsi zaiola aldarrikatu zuten bertaratu ziren adin eta sentsibilitate desberdinetako goierritarrek. Umiltasunez baina harrotasunez, Euskal Herria begira izango dutela badakite, eredu izango direla, eta Euskal Herri guztiko olatu erraldoia sortzeko lan egiteko prestasuna agertu zuten.
Lana. Hitz hori ere ibili zen ahotik ahora. Goierritarrek badakite eginkizun ugari dagoela ekainaren 19ra bitartean. Baina 2007. urtetik hona egin izan duten bezalaxe, indarrak batuta eta elkarrekin erronka berri bati heltzeko gogoa eta konpromisoa azaldu zuten.
Aukera. Hirugarren hitz hori ere sarritan entzun zen. Zer izan nahi duten adierazteko aukera izango baitute goierritarrek. “Norberak bere iritzia eman ahal izateko aukera izatea baino gauza handiagorik zer dago?” esaldia entzun zitekeen 80 urtetik gora zituen amona baten ahotik.
2016ko ekainaren 19a egun garrantzitsua eta historikoa izango da goierritarrentzat. Baina zazpi hilabeteko prozesua bera ere aberatsa izango da, Angel Oiarbide Gure Esku Dago dinamikako kideak aurkezpenean esan zuenez: “Handi egin, elkar ezagutu eta adiskidetzeko” balioko du prozesuak.
Beste hitz batekin, berriz, ezinezko hitzarekin, “kontuz” ibiltzeko aholkatu zuen Oiarbidek: “2007tik hona, ezinezkoak ziruditen gauza asko egin dira Goierrin eta Euskal Herrian”. Erronka bat gehiago dute orain, eta ekinaren ekinaz, inurri lana eginez, elkarlanean, indarrak batuta, gauza asko egiteko gai direla erakusteko prest daude berriro ere.
Goierritarrei lanerako gonbita egin die Gure Esku Dago-k. Guztiek dute lekua prozesuan. Ateak irekita dauzkate herrietako batzorde eta lantaldeetan. Eta, zer esanik ez, herri galdeketan. Ekainaren 19a festa eguna izatea nahi du Gure Esku Dago-k: “Egun pozgarria, alaia, zoriontsua eta inportanteko sentituko garena”. Erronkaz galdetu die Hitza-k hainbat goierritarri:
AXUN ASURABARRENA (Zaldibiarra)
“Jendea sarean batzen saiatu gara; badago giroa, eta garaia iritsi da”
1. Ekainaren 19an erabakitzeko eskubidearen herri galdeketa egingo da Goierrin. Zer iruditzen zaizu?
“Ilusioarekin hartzen dugu erronka berria. Goierrin galdeketa egiteko garaia da; bestela, aurretik hainbeste ekintza eginda, zer gehiago egin behar zen? Orain arte jendea sarean batzen saiatu gara, eta giroa badago. Momentua iritsi da, eta galdeketari heldu beharrean gaude Goierrin. Jendartea ahaldundu egin nahi dugu; botoa emateko garaia da.
2. Zergatik da garrantzitsua?
Kontuan izan behar dugu herria denok osatzen dugula, eta denon artean hartu behar ditugula erabakiak. Parte hartzea da garrantzitsuena, eta guztion artean erabakitzen dugunarekin aurrera egingo dugu. Parte hartze horretan denok biltzeko aukera izango da. Herriarentzat garrantzitsuak diren erabakiak denon artean hartzen hasi behar dugu. Azken batean, funtzionatzeko era bat da.
3. Zein mezu emango zenieke goierritarrei, bai antolaketa lanean aritzeko, bai egunari begira?
Eskualdea girotzen lan handia daukagu. Herri guztietan, gainera, giroa ez da bera. Ezaugarri desberdinetako herriz osatuta dago Goierri. Batzuk herri txikiak dira: elkar ezagutzen dugu, eta girotzen askoz errazagoa izaten da. Beste aldetik, herri handiagoak dauzkagu. Baina pixkanaka ari gara. Herri guztietako arduradunok bilerak egiten ditugu. Herri guztietan oraindik ez dauzkagu arduradunak, baina joango gara pixkanaka antolatzen. Gogoarekin eta ilusioarekin lortuko dugu. Goierritarrei prozesuan parte hartzeko eskatuko nieke”.
JOXE ARIZKORRETA (Legazpiarra)
“Goierri izango da abiapuntua, baina gero etorriko dira gehiago”
1. “Heldu egin beharko diogu erronkari. Ilusioa badugu, baina lan handia dugu egiteko aurretik. Legazpin Gure Esku Dago-ren lantaldea badago, baina herritarrak aktibatzea falta zaigu. Hori da herri gehienetan daukagun erronka.
2. Galdeketa egiteko momentu egokia zein den jakitea ez da erraza, baina pentsatzen dugu badela pauso bat emateko garaia. Goierri izango da lehenengo abiapuntua, baina gero etorriko dira gehiago. Hasi egin behar da, besterik ez bada, galdeketetara ohitzeko. Erabakitzeko eskubidea daukagun heinean hori ez badugu gauzatzen edo praktikan jartzen, alferrik ari gara.
3. Goierritarrei parte hartzeko eskatu behar zaie. Momentu hau horretarako da, zer pentsatzen dugun esateko eta adierazteko. Horrelako aukera izanda parte hartu behar da. Ez bataren edo bestearen alde egiteko, baizik eta bakoitzak bere iritzia emateko. Antolaketan ere erronka handia dago. Herriko lantaldeak berriro aktibatzea garrantzitsua da, baina ekainaren 19an emaitza polita izango da”.
ANDONI MIKELARENA (Beasaindarra)
“Euskal Herri guztiko olatu baten hasiera besterik ez da”
1. “Erronka benetan handia da. Horrek interesgarri bihurtzen du; izan ere, erronka handia bada, erantzuna ere halakoxea izango da. Pauso garrantzitsu bat izango da, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko bidean. Erronka hau Euskal Herri guztiko olatu baten hasiera besterik ez da.
2. Aurrez aipatu dudan bezala, Euskal Herri guztiko olatu baten hasiera izango da. Bestalde, eskualde gisa, elkarbizitzan eta demokrazian sakontzen lagunduko digun ariketa bat izango da, erabakitzeko eskubidea ezberdinen arteko topaleku bilakatuta.
3. Aurretiko lanaren mende egongo da eguna bera arrakastatsua izatea. Hortaz, goierritar guztioi dagokigu goierritarron erabakiaren festa izango den horretan laguntzea, bakoitzak bere inguruan edo esparruan eraginez eta, noski, egunean bertan hautetsontziak betez. Izan ere, demokrazian sakondu nahi badugu, herritarren parte hartzea ezinbestekoa izango da. Bestetik, goierritarren batek herriko batzordeetan edo Goierriko lan taldeetan parte hartu nahi izanez gero, idatz dezala mezu bat [email protected] helbidera”.
MAIALEN IDIAKEZ (Lazkaotarra)
“Garrantzitsua da pentsatzen dena esateko aukera izatea”
1. “Ilusioa sortzen dit erronka berriak. Oso pauso garrantzitsua da. Oso garrantzitsua da norberak aukeratzeko aukera hori izatea, erabakia edozein dela ere. Galdera erabaki behar dugu, eta erantzun.
2. Eskubide bat aldarrikatzea eta aurrera eramatea baino garrantzitsuagorik ez dut ikusten nik. Ekainera bitartean, jende asko beharko da antolatzeko; lan asko egongo da aurretik. Bakoitzak ahal duena eman dezala, apur hori eman dezala, eta denon artean zerbait handi eta polit egin dezakegu. Goierritik kanpora ere garrantzitsua izango da.
3. Goierritar guztiak animatu nahiko nituzke, baina bereziki gazteak. Azkenean, gu gara etorkizuna, eta guretzat eraiki behar dugu hau. Denok gara garrantzitsuak prozesu honetan”.
AINHOA ETXABE ETA ROSA GOITIA (Ordiziarrak)
“Zoriontsuak ginateke %60ko parte hartzea lortuko bagenu”
1. “Orain arte etsi samartuta egon gara; ez genuen modurik ikusten. Baina, egia esanda, Gasteizko ekitaldian animatu ginen. Jendea gogotsu ikusten dugu. Kalean jendea ere ilusioz ikusten dugu; ilusioa sumatu dugu. Baina egia da orain arte geldi egon dela; orain beste erronka bat daukagu, eta animatuta gaude. Jendeak zerbait egiteko gogoa dauka. Jaialdiak utzi eta zerbait serio egin nahi du. Zezenari adarretatik heltzeko garaia da.
2. Polita izango da. Lan asko egin beharko dugu, eta laguntza handia beharko dugu, baina erronka oso-oso polita izango da.
3. Herritar guztiei zabaldu nahi diegu parte hartzeko mezua: parte hartzea ziurtatzea da orain garrantzitsuena. %60k parte hartuko balute, zoriontsuak ginateke, nahiz eta galdeketan ezezkoa atera. Biztanleen %60 bozkatzera joatea lortuko bagenu, erronka lortuta legoke. Patxadarekin hartuko dugu. Antolaketa lanerako ere jendea beharko dugu, eta ateak irekita egongo dira”.
JOSU IDIGORAS (Zumarragarra)
“Jendea horrelako herri galdeketa baten eskean zebilen”
1. “Ikusten da behar zela horrelako galdeketa bat; jendea eskean zebilen. Jendeari erantzunez, ildo eta erronka hau hartu dugu. Jendeak ez badu bere burua non eduki nahi duen erabakitzen, ez dugu ezer konponduko. Azkeneko hilabeteetan jendea girotzen aritu gara, eta oraintxe itxaropenetik eskaintzetara pasatu gara. Horretarako, jendearen ilusioarekin aurrera joateko asmoa dugu.
2. Garrantzitsuena parte hartzea dela esango nieke herritarrei. Gauza bat pentsatu edo bestea pentsatu, gai izan behar dugu guk nahi duguna izateko.
3. Erronka handia da, eta badakigu gero eta jende gutxiagok hartzen duela parte gauzetan; bakoitza bere gauzetan dabil, nahiko ardurekin, baina animatu egin nahi ditut goierritarrak erronka eta prozesu honetan parte hartzera, mereziko du eta. Gainera, hemendik hogei urtera gogoratuko dugun gauza bat izango da. Aukera ona da, beraz”.