Nafarroako Gobernuko barne krisiari aterabide azkarra eman nahian, kontseilari berriak izendatu ditu jadanik Yolanda Barcina lehendakariak. Azken egunotan lau kontseilarik kargua utzi eta gero —PSNko hiruk eta UPNko beste batek eman dute dimisioa—, Barcina behartuta zegoen gobernua berriz antolatzera. Atzo prentsaurreko batean jakinarazi zuenez, bost kide berri sartuko dira gobernu taldean: Lourdes Goikoetxea Ekonomia eta Ogasuneko kontseilari eta presidenteorde izango da; Jose Javier Esparza Landa, Garapen eta Tokiko administrazio kontseilaria; Javier Morras Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria; Jesus Pejenaute, Gizarte Politikakoa; eta Luis Zarraluki, Sustapenekoa. Horiez gainera, Juan Luis Sanchez de Muniain egun gobernuko eledun denak bigarren presidenteorde kargua izango du.
Kontseilari berriek gaur egingo dute karguen zina, eta ordutik aurrera «lanean» hasiko dira, Barcinak azaldu duenez. Gobernu berriaren «kohesioa» eta kide berriek «zerbitzu publikorako duten borondatea» azpimarratu du Barcinak. Haiengandik zer espero duen argi adierazi du, halaber: «Leialtasuna, zintzotasuna eta lana eskatuko diet».
Nafarroan dagoen egoera ekonomiko eta politiko zailari erantzuteko gai izango dira gobernuko kontseilari berriak, haren esanetan: «Gobernuak funtziona dezan hobekien prestatuak dauden pertsonak dira».
«Adabakia»
Gobernu berriaren osaketa ez dute begi onez hartu Bilduk, NaBaik eta Nafarroako Ezkerra koalizioak. Bilduko eledun Maiorga Ramirezek salatu du Barcinaren moldaketa «porrot egin duen eredu bati adabakia» jartzea dela.Gainera, harrigarria deritzoPejenaute kontseilari izendatu izanari, CANen ardura zuzenak izan baititu. Hala, Bilduk hauteskundeetara deitzeko eta herritarrei hitza emateko eskatu dio UPNri, «duintasun demokratikoagatik».
Patxi Zabaleta NaBaiko eledunaren ustez, «sakoneko arazoa» ez du konpontzen kontseilari berriak izendatzeak: «Barcinaren konponbideak ez daude egoeraren mailan». Areago, gobernu berriaren antolaketa parlamentuan eztabaidatu beharko litzatekeela iritzi dio Zabaletak.
Nafarroako Ezkerrak salatu du «eskuinekoa» dela gobernu berriaren ildo politikoa. Jose Miguel Nuinek gogor jo du UPNren aurka: «Eskuineko gobernu bat osatu da, murrizketak ezarriko dituena eta langileen krisian sakonduko duena». Ezinbesteko deritzo, halaber, opisizioak Barcina behartzeari bozak deitzera.
PPN, ordea, pozik dago osaketarekin, «egonkortasuna» emango duelakoan. Enrique Martin de Marcosek kontseilari berriei eskatu die arazoak konpontzeko.
Goikoetxea, Esparza, Morras, Zarraluki eta Pejenaute, kontseilari berriak
Nafarroako Gobernua berriz antolatu du Barcinak, eta kontseilari berriei eskatu die «leial eta zintzo» jokatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu