Lourdes Goikoetxeak atzokoaren ildo beretik jarraitu du gaurko agerraldia, gertaera batzuk ez dituela gogoan esanez, eta beste batzuk ukatuz, "ekonomikoki oso une gogorrak" bizi izan dituztelako. Memoria "selektiboa" da Nievesen gezurtia al den galdegin diotenean, eta baieztapen batzuk "okerreko oroitzapenen erruz" egin dituela aitortu du. Barcinaren aginduz aritu zen galdetu diotenean, berriz, "ezetz" erantzun eta berretsi du. Presidentea uneoro babestu du Ekonomia kontseiraiak.
Auzitan diren gaien gainean, berriz, gogoratu du Inspekzio Plana ez zuela eskatu; ukatu du hainbat pertsonari tratu berezia eman izana, atzo bezala, baina oposizioak estutu eta kontraesanetan erori da, besteak beste, Nafarroako Kutxaren gainean: ez zuen kontseilarien informaziorik eskatu, "balizko informazio hori behar izanez gero eskuratzea nori zegokion galdetu" zuen. Hilaren 12ko agerraldian, berriz, eskatu zuela esan zuen.
Onartu du Nafarroako Unibertsitatearen alde aritu izana. "Zergadun garrantzitsua da", eta hark 1,5 milioko ordainsaria ematea "eragozpen bat" zen. Zergadun garrantzitsu zenez gero, Ogasuneko inspektoreen alde egin behar zuela gogorarazi dio oposizioak, alegia, ikuskatzaileen lanaren alde egotea zegokiola Ekonomia kontseilari den aldetik, ez zergadunen interesak babesten: "Hori egin dut".
Atzokoa
"Ez dut gogoan". Idoia Nieves Ogasuneko zuzendari kudeatzaile ohiaren ostiraleko agerraldia ondo ikasia zeraman atzo arratsaldean Lourdes Goikoetxea presidenteordeak, eta ondo zekien haren gain zer esatea komeni zitzaion. Haatik, Ikerketa Batzordeko parlamentu taldeetako eledunak galderak egiten hasi eta bere kontraesanetan murgildu ahala, presidenteordeari memoria selektiboa azaleratu zitzaion. Ahanztura, batez ere, Barcina kolokan utz zezaketen edo bere jarrera auzitan gera zitekeen uneetan agertu zitzaion. Nievesek sei orduz jardun zuen, eta galdera denak erantzun zituen; dena oroitzen zuen. Aldiz, Goikoetxeak bere ahulguneak ezkutatu nahi zituen. Defentsiban zegoen. Barcina babestu eta fabore traturik egin izana ukatu zuen.
Nievesek egin bezala, Goikoetxea ordu laurden lehenago ailegatu zen batzordera, Raquel Perez departamentuko kabineteburua alboan zuela. Lehen txanda UPNko Carlos Garcia Adanerorentzat izan. Bere lehen bi galderak izan ziren ea fabore traturik egin duen eta legez kanpo jardun duen. "Ez", erantzun zuen bietan. UPNren ordu laurdeneko txanda amaituta, Pedro Rascon PSNko parlamentariak bi orduz jardun zuen. Bere galderak amaitzean, Lizarbe batzordeko buruari eskatu zion Goikoetxearen agerraldia fiskaltzara bidaltzeko "influentzia trafiko" delituaren nahikoa zantzu atzeman dituztelako.
Goikoetxeari Ekonomia kontseilari gisa egotzitako fabore tratuetan hiru kasu nabarmen daude. Bata Nafarroako Unibertsitateari dagokiona da. Goikoetxeak atzo aitortu zuen unibertsitateko irakasle eta langileen senideei betidanik, "55 urtez", matrikula doan egin zietela. 2012an araudi aldaketa bat egon zen, eta Ogasunak inspekzioak egin zizkion unibertsitateari enplegatuei errenta aitorpenean egindako atxikipenak ikuskatzeko. Goikoetxeak atzo aitortu zuen unibertsitatearen ordezkari batek jakinarazi ziola inspekzioari buruz. Irizpideekin desadostasuna azalduta, Nievesi mezu bidez adierazi zion «jokaldi txarra» zela, "izugarria" zeritzola inspekzio horri, eta Barcinarengana joko zuela. Atzo, Goikoetxeak azpimarratu zuen iritzia baino ez zela berea. "Izugarria neritzon, 55 urtez ez delako aintzat hartu unibertsitateak hori egiten zuela, eta araudi aldaketa bat egon zelako. Inkoherentea neritzon araudi aldaketatik lau urte atzera egin nahi izatea inspekzioak". Zerga sisteman, bost urteko epemuga dute Ogasunarekiko zorrek, eta gehienez lau urte atzera jo zezaketen inspekzioan.
Pedro Rasconek galdetu zion "buruzagi hierarkiko batek emandako iritzia" ez ote den iritzia baino zerbait gehiago. Goikoetxeak ukatu egin zuen. "Nire iritzia ematera mugatu nintzen, baina hori ez da esku hartze bat". Rasconek berretsi zuen bere iritzia "hiruzpalau aldiz" eman izana, Nievesi zein Ogasuneko goi kargudunei, ez al zen agindu bat. Ukatu egin zuen. Desadostasun horrek inspektoreen lana auzitan jartzen al duen galdetuta, ukatu egin zuen. Barcinarekin gaiaz hitz egin al zuen galdetuta, ez zen oroitzen. Auzi horretan Barcinaren bitartekari al zen galdetuta, ukatu egin zuen: "Inondik inora". 2013ko irailaren 11n unibertsitate pribatuko ordezkariekin bildu al zen galdetuta, bost segunduko isilune luzea egin zuen Goikoetxeak. "Ez dut gogoan", erantzun zuen jarraian.
Egotzitako bigarren fabore tratua ostalaritzako enpresen inspekzioak ziren. Iaz, Ogasunak in situ inspekzioak egin zituen ostalaritza sektoreko jatetxe eta tabernetan. Inspektoreek ordenagailuak tokian bertan miatzen zituztenez eta foruzainekin batera joan zirenez, hauts ugari harrotu zituen, eta kexu ugari egin zituzten ostalarien artean. Nievesek ostiralean normaltzat jo zituen protestak; ez, ordea, kontseilariak kezka adierazi izana. Goikoetxeak inspekzioburuari galdetu zion ea legearen arabera jarduten ari ziren, inspekzioaren funtzioak egoki betetzen ari al diren eta ez al zen enpresen segurtasuna auzitan jartzen ari. PSNk galdetu zion ea zergadunen arabera jarrera bat edo bestea duen eta irudi duela kontseilari jardun beharrean zerga aholkulari gisa jarduten jarraitzen duela. Goikoetxeak salaketa hori ukatu zuen. "Posizioa soilik hartu dut bi kasuetan, ostalaritzaren eta Nafarroako Unibertsitatearen kasuan. Ez dut uste hori kontuan hartzeko modukoa denik".
Azken kasua Conservas Almanaquerena izan zen, eta Goikoetxeak berretsi zuen oso egoera zailean zegoen enpresa txikia izaki bere alde egiten saiatu zela. Jarrera horrek lotsarik eragiten al dion galdetu, eta ezezkoa eman zuen. "Egoera kontuan hartzea baino ez dut eskatzen. Jarraitzen dut pentsatzen ez dudala inongo fabore traturik egin. Bezero txikia zen, eta oso arazo larriak zituen".
Galdetegian, Goikoetxeak azaldu zuen 23 urtez lan egin duela enpresen aholkulari moduan eta politikara jauzi ematea erabaki zuela "UPNren bazkide" delako eta "gizarteari zerbitzua eskaini" nahi diolako. Yolanda Barcina Iruñeko alkate denetik ezagutzen duela eta 2011ko UPNren hauteskunde programan parte hartu zuela onartu du.
Bilduk galdetu zion ea Talleres Ezkerrako kontseilari edo bazkide izan den, hala agertzen delako Merkataritza Erregistroan. Goikoetxeak esan zuen enpresatik atera zela 2011ko ekainean gobernura sartzean. Maiorga Ramirezek galdetu zion ea badakien zenbat diru laguntza jaso dituen enpresak. "Ez, ez dakit". Ramirezek gaineratu zuen Europako Batasuneko funtsetatik dirua jaso duela bere enpresa ohiak.
Ramirezek galdetu zion ez al zaion bitxia iruditzen kontseilari batek inspekzioetan esku hartu nahi izatea eta ahalik eta diru gutxien bildu nahi izatea. Hori ere ukatu zuen: "Legearen arabera jardun dut, eta Ogasunarentzat ahalik eta diru gehien biltzea bilatu dut".
Nievesen arabera, Goikoetxeak Nafarroako Kutxari buruzko bi aitorpen eredu eskatu zizkion Barcinak interesa duelako. Goikoetxeak uneoro ukatu zuen. Barcina babestu zuen, eta soilik onartu zuen presidenteak bere informazio pertsonala nahi zuela. Goikoetxeak esan zuen ez zituela eredu horiek nahi, baizik eta ea nori zegokion informazio hori edukitzea. Parlamentuan informazio eskaera oldea egon zela esan zion. Bilduk eta PSNk agerian utzi zuten parlamentuaren eskaerei izkin nahi egin ziela iaz eta bere motibazioa bestelakoa dela.
Lizarbek batzordearen saioa eten zuen, eta gaur berrekin diote, 10:00etan. Barcinak 16:00etan egin du bere agerraldia.
Lekukoen adierazpenak
Aurretik, departamentuko goi kargudunek agerraldia egin zuten. Goizean, Juan Franco Aurrekontuaren zuzendari nagusiak, Maria Jesus Valdemoros Politika Ekonomikoko zuzendari nagusiak, Pedro Ugalde Ogasuneko idazkari teknikariak eta Manuel Arana Ogasuneko Planifikazio eta Kontroleko buru ohiak.
Francok aitortu du Nievesek egindako salaketa "oso larria" dela eta "eragin handia" duela. Aranak, berriz, aitortu du 2011ko irailaren 27ko Merca'o-ko jatetxeko bazkariaren ostean Nievesek ohartarazi ziola Ogasuneko inspekzio planen informazioa jasotzeko saioak egon zitezkeela.