Osasunaren ustezko iruzurren auzian Nafarroako Ogasunak izan zezakeen informazioaren inguruan azalpenak eskatu dizkiote PSN, Bildu, Ezkerra eta Geroa Baik Nafarroako Gobernuko Ekonomia kontseilari Lourdes Goikoetxeari. Azaldu duenez, Bizkaik 2008ko gertakari batzuei egin zien erreferentzia, eta "irmo" nabarmendu du berak eta egungo Nafarroako Gobernuak ez dutela ustezko iruzurren berri izan Bizkairen deklarazioa hedabideetan zabaldu zen arte".
Halaber, Ogasunak Goikoetxeari adierazi dio erakunde horretan ez dutela "inolako frogarik" argitaratu diren informazioak baieztatzeko. Osasunak Ogasunaren aldetik tratu berezia izan ote zuen galdetuta, Goikoetxeak azaldu du ez dakiela 2008an klubari instrukziorik zabaldu ote zioten. Hala ere, gogorarazi du Bizkairen deklarazioa argitaratu ostean Ogasunak barne prozedura bat martxan jarri duela gertatutakoa ikertzeko, eta informazio hori epailearen esku utzi duela.
Izkoren deklarazioa
Patxi Izko presidente ohiak Fermin Otamendi epaileari ostiralean egindako deklarazioaren xehetasunak jakin dira azken orduetan. Eta Izkok bertan adierazi zuen Nafarroako Ogasuna jakinaren gainean zegoela 2008-2009 denboraldiko futbol partida bateko iruzurraren inguruan. Une hartan, Ogasunak ikuskapen akta bat hasia zuen Osasunak 500 euroko billeteekin egindako 300.000 euroko diru mugimendu batengatik. Horri buruz galdetuta, Izkok epaileari onartu zion«kontseilari batek» espediente hura geraraztea lortu zuela: «Ogasunak beste aldera begiratu zuen». Garai hartan Alvaro Miranda zen Ekonomia eta Ogasun kontseilari, baina ez da zehaztu nor izan zen.
Izkoren aitorpenak, Osasuna auziaren barruan beste ildo bat ireki du, eta hari horrek berehalako lotura du gobernuarekin eta Ogasunarekin —teorian azken organo horrek gobernuarengandik erabat autonomoa izan beharko luke—. Orain, Osasunako kontuetatik azken bi denboraldietan ateratako eta arrazoitu gabeko 3,7 milioi euroen inguruko ikerketa egiten ari da Iruñeko 2. instrukzio epaitegia, baina auziak dimentsio politiko sakona du. Azken finean, Izkoren aitortzak erakutsi du Ogasunaren rola erabakigarria izan dela diru mugimendu irregularrak egiteko eta batez ere zorra handitzeko.
Iragan udazkenean jakin zen Osasunak errenta zerga eta BEZ zergen ordainketen atzerapenekin 53 milioi eurora arteko zorra pilatu zuela. Zor handi horren aurrean, bideragarritasun planik onartu gabe, UPNk, PSNk eta PPk iragan azaroaren 27an Osasuna erreskatatzeko foru legea onartu zuten, zorra ordaintzeko baldintzak leunduz eta Osasunaren instalazioak (batik bat Taxoare eta Sadar) bere gain hartuz. Osasunaren ikuspuntua aintzat hartuz, instalazio horien balioa 43 milioi eurokoa izan da, nahiz eta Ogasuneko teknikariek 35 milioi euroko balioa eman. Alde horri Osasunari instalazio horien mailegutik ordaintzea falta zaizkion lau milioi euroak gaineratuz gero, esan nahiko luke lurraldeko talde nagusiari 12 milioi euro inguru barkatu zaizkiola bat-batean.
Erreskatearen eta azken egunetako zurrunbilo judizialaren erdian etorri da orain Izkoren aitortza, eta gobernuari eztanda egin dio auziak. Hasteko, Ekonomia departamentuak informazio espedientea hasi du Ogasunean. EH Bilduk Lourdes Goikoetxearen eta Raul Goñi Ogasuneko zuzendariaren agerraldia eskatu du parlamentuan. Jose Miguel Nuin Ezkerrako eledunak, berriz, ikerketa batzordea irekitzea galdegin du. Alta, legealdia iragan martxoaren 31n amaituko da, eta ez dago denborarik.