Goikoetxearen absoluzioa balio gabe utzi dute

Arkaitz Goikoetxeari hiru urteko espetxe zigorra ezarri dio Gorenak; Asier Badiola absolbitu egin du

Erredakzioa
2012ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Gorenak baliogabetu egin du Arkaitz Goikoetxearen absoluzioa, eta hiru urteko espetxe zigorra ezarri dio, Benjamin Atutxa PSE-EEko legebiltzarkidea bahitzen saiatzea leporatuta. Gorenak onartu egin du Fiskaltzak absoluzioaren aurka jarritako helegitea, eta «legez kanpoko atxiloketa terrorista» delitua antolatu izana leporatu dio Goikoetxeari.

Auzitegi Nazionalak duela urtebete absolbitu zuen auzi horrengatik. Epaiaren arabera, Goikoetxeak zuzendutako taldeak Atutxa bahitzeko asmoa zuen, baina saioren bat egin aurretik asmo hori bertan behera utzi zuen, Atutxak bizkartzaina zuelako. Gorenaren arabera, ordea, ezin da «zigorrik gabe utzi» ETAko kideek PSE-EEko legebiltzarkidea bahitzeko eta ondoren hiltzeko asmoa izatea.

Badiola, errugabe

Gorenak atzo jakinarazi zuen absolbitu egin duela Asier Badiola Lasarte, hura zigortzeko froga nahikorik ez dagoela argudiatuta. Auzitegi Nazionalak zortzi urteko espetxe zigorra ezarri zion Badiolari, ustez 2008ko maiatzean abiadura handiko trena eraikitzeko lanei erasotzeagatik.Auzi berean zigortutako Ibon Iparragirreren helegitea, ordea, ez du aintzat hartu Gorenak.

Epaiak dio bertan behera geratu dela Badiolak Poliziaren aurrean egin zuen deklarazioa, epailearen aurrean berretsi ez delako. Auzipetuak ez zuen epailearen aurrean adierazpenik egin, eta galdeketan parte hartu zuten poliziak ez zituzten deitu epaiketara. Beraz, Auzitegi Gorenaren arabera, aitorpenak salaketa gisa soilik balio du, baina ez froga gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.