Auzitegi Nazionala

Goioagak epaiketan esan du presoei inoiz ez diela ETAren agindurik eman

Jorge Garciak esplikatu du ez zuela iheserako planik egin inoiz, eta Ana Pazek azaldu du Garciak ez ziola ezkutuko oharrik eman Goioagarentzat, eta torturatu egin zutelako deklaratu zuela hori. Espainiako Auzitegi Nazionalean ari dira hirurak epaitzen, Huelvako espetxetik ihesaldi bat antolatzea eta ETAko kide izatea egotzita. 

Oihana Elduaien Uranga.
2012ko irailaren 17a
19:01
Entzun

Iñaki Goioaga abokatuaren, Jorge Garcia euskal presoaren eta Ana Paz haren bikotekidearen aurkako epaiketa hasi da Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean. 2009an atxilotu zituzten, ustez bi urte lehenago Huelvako espetxetik ihesaldi bat prestatzea egotzita. 

Goizeko saioan ez da argi geratu Guardia Zibilak zergatik jarri zituen jo puntuan Goioaga eta Paz. Azaldu dute Lopez Peña atxilotu zutenean hari atzeman zizkiotela ihesaldia antolatzeko Garciarekin trukatutako eskutitz batzuk. Presoak komunikazioa nola egin zuen aztertzen hasi zirenean, Goioaga eta Paz aukeratu zituzten. "Norbaitengan zentratu behar genuen", esan zuen operazioko idazkari lanak egin zituenak. Garai hartan Garciak abokatu gehiagoren eta beste senitarteko batzuen bisitak izan zituen arren, bi horien kontra egitea erabaki zutela esan du, baina ez du jakin zergatia azaltzen.

Goioagak abokatuen tokian eserita deklaratu du, Jone Goirizelaiaren galderei erantzunez. Esan du berak ez diela ETAren partez agindurik eman inoiz euskal presoei, Garciaren abokatua dela eta haren defentsan aritu dela, baina ihesaldiei buruz ez dutela inoiz hitz egin. Atxilotu zutenean eskubideak urratu zizkiotela ere salatu du, eta abokaturik gabe egin zizkiotela galdeketak.

Garcia presoen kaiolatxotik atera dute deklaratzeko, han ez zuelako batere entzuten. Esan du ez zela saiatu ihes egiten Huelvako espetxetik, urte gutxi falta zaizkiola zigorra betetzeko eta laster ateratzea espero duela.

Ana Pazek ere deklaratu du, eta esan du Garciak ez ziola eman inoiz Goioagarentzako "ohar ezkuturik". Guardia Zibilak atxilotu zuenean torturatu egin zutela esan du, antsietatea izan zuela, eta derrigortu egin zutela ohar hori garraiatu zuela esatera.

Ez da hori izan auzitegian entzun den tortura testigantza bakarra: Nahia Zurriaranek ere deklaratu du —Goioagaren bulegoan lan egiten du, eta operazio hartan atxilotu zuten—. Azpimarratu du torturatu egin zutela eta inkomunikazio aldian egindako deklarazioetan ez dela berresten. "Goitik behera biluztu ninduten, ukitzen hasi ziren...". Urduritu egin da, eta negarra atera zaio. Alfonso Guevara epaimahaiburuak esertzeko esan dio, eta ahal duenean jarraitzeko. Gorputz osoa aparrez bildu ziotela kontatu du, nola bota zioten ur hotza, nola egin zioten poltsa... "Hil egingo nintzela uste nuen". Buruz ikasarazi zioten deklarazioa.

Epaitzen ari diren hiru lagunekin batera, beste bi preso eta beste pertsona bat ere atxilotu zituen Guardia Zibilak 2009an, Fernando Grande-Marlaska epailearen aginduz. Inkomunikatu egin zituzten. Paz aske atera zen, bermea ordainduta; Garcia auzi honengatik ere preso sartu zuten, eta Goioaga ere giltzaperatu egin zuten, eta urte eta erdi egin zuen preso. Gainerako hirurak errugabetzat jo zituzten. 

Marlaskak espetxeratze autoan idatzi zuenez, Frantzian 2009an Javier Lopez Peña atxilotu zutenean hari atzemandako agirietatik ondorioztatu zuen Garcia espetxetik helikopteroz ihes egiteko plan bat prestatzen ari zela ETArekin, eta horretan laguntzea egotzi zien Pazi eta Goioagari: aurrenari, abokatuaren presoaren artean zubi lana egitea leporatuta, eta bigarrenari, presoarekin elkartzeagatik —haren abokatua dela kontuan hartuta erabat ohikoa den arren—. 

Atxiloketak egin zituztenean Espainiako Barne Ministerioak zabaldu zuen bi urte lehenago Huelvako espetxetik ihesaldi bat prestatzen aritu zirela. Hasierako bertsio haren arabera, beste bi lagun ere inplikatuta zeuden balizko plan hartan, baina bi horiek ez dituzte epaituko gaur. Hasieran, esan zuten Arkaitz Goikoetxeak pentsatu eta prestatu zuela plana —2007an ez zegoen preso—, baina Grande-Marlaskak auzitik kanpo utzi zuen inkomunikaziotik atera orduko.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak “oso larritzat” jo zuen operazioa, presoak, horien abokatuak eta presoei babesa ematen dieten senide eta lagunak “jo puntuan” jarri zituztela argudiatuta. 

Ez da hau Euskal Herriko abokatuen aurka egin den aurreneko aldia, ezta azkena ere. 18/98 auzian, Carlos Trenor, Txema Matanzas eta Mirian Campos zigortu zituzten, esate baterako. Goioaga atxilotu ostean, Joseba Agudoren kontrako auzia etorri zen (2009), baita Iker Sarriegi, Arantza Zulueta eta Jon Enparantzaren atxiloketak eta auzipetzeak ere (2010).

Eskubide urraketa

Goioagaren auzian haren eta gainerako atxilotuen hainbat eskubide urratu direla salatu izan dute Jone Goirizelaia eta Alfonso Zenon defentsa abokatuek. Abokatuak Auzitegi Nazionalean lan egiten duenez, hura atxilotu eta inkomunikatzeko beharrik ez zegoela salatu zuten, nahikoa zela deialdi batekin. Atxilotzeko arrazoia “haren eskubideak urratzea, tartean abokatuen laguntza” besterik ezin zitekeela izan nabarmendu zuten, eta ez zegoela horretarako beharrik.

Atxilotu zituzten hiru presoen kasuan ere, haiek espetxean egonda bertan atxilotu eta inkonunikatzea zentzugabea zela argudiatu zuten, eta kasu horietan ere nahikoa zela deialdi batekin auzitegira deklaratzera eraman izan balituzte, argi baitzegoen haiek ihes egiteko arriskurik ez dagoela. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.