"Badakigu ez direla probokazioetarako garaiak, eta ez naiz horretan eroriko. Zenbait errealitate onartzeko garaia da. Gatazkaren ondorio guztiak aztertzekoa. Konponbiderako garaia da. Aro historiko batzuk ixtekoa". Bake mezuarekin mintzatu zaio Iñaki Goioaga Amaiurren senataria Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuari. Amaiurrek lehen aldiz izan zuen gobernuaren kontrol saioan galdera egiteko aukera atzo, eta Rajoyk gustukoa ez zuen galdera bat jaso zuen: Europako Torturaren Prebentziorako Batzordeak Espainiari egindako gomendioak beteko dituen galdetu zion Goioagak.
Keinurik ez zion itzuli Rajoyk. Ukazioa eta erasoa izan ziren haren erantzunaren ardatza. "Espainian pertsona guztien eskubide eta askatasunak bermatzen dira", esan zion. "Espainia Zuzenbide Estatu bat da, eta fede txarrez soilik jar daiteke hori zalantzan".
Torturaren Prebentziorako Batzordearen gomendioak ezagutzen dituela adierazi, eta Espainiak haiei emandako erantzuna errepikatu du gobernuburuak: inkomunikazioa salbuespeneko neurri gisara erabiltzen da, baina, hala ere, baditu bere berme judizialak. "Espainiak legea betetzen du, eta arauak urratzen badira, legea ezartzen da".
Teoria eta praktika ez direla beti bat etortzen ohartarazi dio Goioagak, eta CPTren txostenak emandako abisuez gain, Estrasburgoko Auzitegiak hiru kasutan gutxienez zigortu duela Espainia tortura kasuak ez aztertzeagatik.
Azaldu du, halaber, jakinekoa dela torturak ehunka pertsonak jasan dituztela; "nire herrian, Euskal Herrian bai, behintzat". "Egia bat dago: polizia etxeetan atxilotuta zeudela hil zirela Arregi, Kalparsoro, Iantzi eta Zabaltza". Uhuka ekin diote, ozenki, PPko senatariek Goioagari. "Ez zuk, ez zure taldeak, ez nik ez dugu ez egia osoa, ez sufrimenduaren monopolioa" esan, eta uhuka ekin diote berriz, askotan bezala.
Justizia ere eskatu du Goioagak: "Justizia ez da tratu txar salaketak ez ikertzea; ez torturapean hartutako deklarazioak kondenak lortzeko baliatzea; ez da torturatzaileei indultua ematea".
Tortura ez aitortzeak eta CPTren gomendioak ez onartzeak estatuaren "ahultasuna" erakutsi besterik ez duela egiten hausnartu du Amaiurreko senatariak; "gabezia demokratikoaren eta Zuzenbide Estatuaren hausturaren adierazgarri da". Jarrera aldatzeko eta garai berriari begira jartzeko gomendatu dio: "Jauna, uste dut urrats ona litzatekeela Euskal Herrian mundu guztiak aitortzen duena onartzea; torturatu egiten dela".
Rajoyk, ordea, tonu gogorrean erantzun dio Amaiurrekoari. Tratu txar eta torturei buruz hitz egiteko zilegitasunik ez duela esan dio, eta ez duela elkarbizitzarako esparru berriei buruz hitz egiteko asmorik: "Horretarako esparru bakarra tratu txarrak eman, torturak egin eta pertsona errugabe asko hil dituen erakunde terrorista desegin ondoren sortuko da".
Tortura salaketek ETAren estrategiari erantzuten diela errepikatu du, eta hori hainbat epaik "frogatu" dutela. "Inork zalantzan jarri nahi baditu auzitegien epaiak, gogoraraziko diot gutako batzuk epai horiei esker gaudela hemen".