Francisco Javier Goiriena Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza Fakultateko dekano ohiari eta Monserrat Barranquero Estomatologia Departamentuko zuzendariari bosna urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra ezarri die Bizkaiko Probintzia Auzitegiak, baita bederatzi urteko inhabilitazioa ere, funts publikoak bidegabe erabiltzeagatik eta dokumentu publikoak faltsutzeagatik. Gainera, 168.000 euro ordaindu beharko dizkiote unibertsitateari erantzukizun zibilagatik.
EHUk adierazi du errespetatu egiten duela epailearen erabakia. Azaldu du delitu zantzuak ikusi zituztela eta berehala eman ziotela gertaeraren berri fiskalari, eta beti jarrera koherentea izan duela ziurtatu du. Gaineratu du unibertsitateak behar zen moduan babestu zituela erakundearen ondasunak eta eskubideak, eta beti errespetatu dituela organo judizialaren erabakiak.
Epaimahaiak urriaren 9an jo zituen errudun bi auzipetuak.