Ezker abertzalea

Goirizelaia abokatuak ontzat jo du auzitegiaren erabakia

Hodei Iruretagoiena
2015eko azaroaren 26a
14:40
Entzun

Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren erabakia baloratu egin du Jone Goirizelaia Arnaldo Otegiren defentsa abokatuak. Izan ere, helegitea partzialki tramiterako onartzeak esan nahi du epaileek "aurrera" eramango dutela ikerketa eta "auzia martxan" jarriko dela.

Espainiako Gobernuko presidenteorde Soraya Saenz de Santamariak ere irakurketa positiboa egin du, ordea; hark, baina, azpimarratu du Otegik espetxean jarraituko duela: "Egon behar duen lekuan dago".

Sorturen iritziz, helegitea partzialki onartzeak adierazten du Estrasburgok "zalantza" duela Bateraguneko bostak espetxeratzeko prozedura judiziala berme guztiekin egin ote zen.

Pernando Barrenak eta Amaia Izkok egin dute balorazioa, Donostian, eta eragin praktikorik izan ez arren berri garrantzitsua dela nabarmendu dute: "Auzitan jartzen da berriz ere Espainiako epailetzak euskal independentismoarekiko duen jarrera".

Barrenak gogora ekarri du "oinarri politikoak" dituela Bateragune auziak: "Atzo ezker abertzalearen hausnarketa estrategikoa baldintzatzeko, eta gaur Euskal Herrian egoera berri bat eragozteko, errepresioarekin, espetxe politika ankerrarekin eta epaiketa politikoekin jarraitzen du [Espainiako] Estatuak".

Hala ere, Sortuko bozeramaileek berretsi dute areagotu egingo dituztela "preso politikoak etxera ekartzeko indarrak". Bide horretan, abenduaren 6rako Bilbon antolatutako manifestazioan parte hartzera deitu dituzte herritarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.