Goirizelaia ageri da EHUrako hautagai bakar gisara, beste aldeek aurkeztea baztertuta

Antiguedaden inguruko sektoreak ez du atea itxi errektoretarako norbait aurkezteko; «zaila» dela onartu du, nolanahi ere

Goirizelaia ageri da EHUrako hautagai bakar gisara, beste aldeek aurkeztea baztertuta.
Garikoitz Goikoetxea.
2012ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Iñaki Goirizelaiak ez du lehiakiderik izango EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektore segitzeko. Goirizelaiak berak hautagaitza aurkeztuko du, eta gainerako sektoreek ia erabat baztertu dute hari lehia egitea. Orain lau urte Goirizelaiaren aurka aritu zen sektoreak —CCOO sindikatuaren ingurukoak— ez du hautagairik. Ezker abertzalearen inguruko sektoreak, berriz, aztertu du bozetan parte hartzeko aukera, baina, gaur-gaurkoz, ez du hartu horretarako erabakirik, BERRIAk jakin ahal izan duenez. Nolanahi ere, hauteskundeak abenduaren 4an egingo dituzte, eta aste batzuk badaude zerrendak egiteko.

EHUko Gobernu Kontseiluak atzo onartu zuen bozetarako egutegia: azaroaren 8rako aurkeztu beharko dira hautagaiak, eta hilaren 12an jakinaraziko dituzte listak. Hiru asteko kanpainaren ondoren, abenduaren 4an hautatuko dute errektorea —bigarren itzulia beharko balitz, abenduaren 13rako jarri dute eguna—. Horrenbestez, datorren urtea hasterako errektorea izango du EHUk.

Isiltasunari azken unera arte eustea erabaki du Goirizelaiak. Inguruan, ordea, jakinarazi du aurkeztu egingo dela; are, errektoreorde izan daitezkeenen bila ere hasia da. Hasiera gorabeheratsua izan zuen —Bolognako prozesura egokitzeko zeuden ikasketak—, baina amaiera lasaiagoa izan da. Areago, Shanghaiko rankingean sartu dute EHU oraintsu.

Orain lau urteko hauteskundeetan Goirizelaiaren aurka azaldu zen sektorea isilik dago. Marisol Esteban buru zutela aurkeztu ziren —Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordea da orain—, baina, haien inguruko iturrien arabera, aurkezteko asmorik ez daukate.

Perezen egoera berean

Orain arte Iñaki Antiguedad katedradunaren inguruan bildu den sektorearekin zer gertatuko den dago ikusmina. Orain lau urte ez ziren aurkeztu, eta sektore horretako hainbat kidek Goirizelaiaren aldeko botoa eskatu zuten. Orain zer egin aztertzen aritu dira azken asteetan. BERRIAk kontsultatutako iturriek onartu dute «zaila» dela inor aurkeztea egungo errektorearen kontra: batetik, katedraduna izan behar duelako —sektore horretan gutxi dira—; bestetik, irabazteko aukerarik apenas ikusten dutelako —bozketan katedradunek daukate zeresana—.

Datozen asteetan beste erabakiren bat hartzea ez dute baztertu oraindik; urriaren 22ko bozei eta gainerako sektoreei begira daude.

Juan Ignacio Iglesiasen egoera berean egon daiteke, beraz, Goirizelaia: bakarrik hauteskundeetan. Alde bistakoekin, hala ere. Orduan baino zailagoa da hautagaia atzera botatzea —Iglesiasi hori gertatu zitzaion—, aldatu egin baitute arautegia: boto zuriek %70 baino gehiago izan beharko lukete hautagaia ez onartzeko. Gainera, itxuraz, Iglesiasek baino babes handiagoa du Goirizelaiak, baita sindikatuen aldetik ere. Ez du aparteko arazorik izan langileekin, eta ez da baztertzekoa sindikatu abertzaleek ere haren aldeko jarrera agertzea.

Besterik da ikasleekin. IA Ikasle Abertzaleek lehen ere esana dute ez dutela bat egiten Goirizelaiaren lanarekin. Haren kontrako kanpaina egingo lukete, beraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.