Goirizelaia: «Ez dugu jakin nahi zein garestia den ezjakintasuna»

Kezka agertu du EHUk, baina ez du balorazio zabalagorik egingo, neurrien eragina zein izango den ezagutu arte

Erredakzioa
Bilbo
2012ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Espainiako Hezkuntza Ministerioak herenegun iragarritako neurriek kezkatuta utzi dute EHU Euskal Herriko Unibertsitatea gidatzen duen taldea. Hezkuntza «epe luzerako inbertsioa» dela sinetsita agertu da Iñaki Goirizelaia errektorea; «kulturan, bizikidetzan eta ongizatean oinarritutako etorkizuna» bermatzeko ezinbestekoa dela adierazi zuen atzo, ohar bidez: «Hezkuntza garestia bada, ez dugu jakin ere egin nahi, ezta behar ere, zein garestia den ezjakintasuna».

Balorazio zabalagorik ez du egin nahi, oraingoz, EHUk. Espainiako Gobernuaren neurriak bertatik bertara ezagutu eta Euskal Autonomia Erkidegoan zein eragin izango duten aztertu arte ez, behintzat. Dena den, Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Batzarrak herenegungo bileraren ostean egindako balorazioarekin ados agertu da errektorea: «Unibertsitateak araubide orokorra behar du, eta herrialdearen ahalmen eta premiekin bat datorren finantzaketa».

Goirizelaiak gogora ekarri du unibertsitate publikoak zeregin garrantzitsua duela etorkizunera begira, eta «egungo kalitate maila» bermatu behar dela nabarmendu du. Izan ere, haren hitzetan, «gizarteari zerbitzua emateko bokazioa» du EHUk, eta helburu horren arabera ari da premietara egokitzen, «batez ere, krisi garai honetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.