euskal herria

Goirizelaia: "Lau ertzainen inputazioak ez dira nahikoak"

Operazioa agindu zuen ertzaina, 'Ugarteko', inputatu ez izana sinesgaitza dela dio Goirizelaiak. Iñigo Cabacasen familiak helegitea aurkeztuko dio horregatik.

Jone Goirizelaia Iñigo Cabacasen senideekin, gaur, Bilbon. MARISOL RAMIREZ, ARP
2013ko azaroaren 13a
16:20
Entzun

Iñigo Cabacasen familiarentzat ez da nahikoa Athleticeko zalearen heriotzagatik epaileak lau ertzain inputatu izana, aurrerapausotzat jo duen arren, orain arte ez zegoela-eta inputaturik. Gaur agerraldian baloratu dute epailearen erabakia, eta Jone Goirizelaia abokatuak iragarri du helegite bat aurkeztuko diotela erabaki horri.

Operazioa agindu zuen Ugarteko inputatu ez izana ere sinesgaitza deritzo abokatuak, hark agindutakoa egin izan ez balitz "ez liratekeelako sartuko, ez luketelako tiro egingo eta ez litzatekeelako hilko". Gau hartan kalean zeuden beste ertzain batzuk ere inputatzeko eskatu du Goirizelaiak.

Senideak ere kexu agertu dira orain arte egin dena ez dela-eta nahikoa: "Nire semeak ertzaina hil izan balu, berdin jokatuko litzateke?", galdetu du Manu Cabacasek, Inigoren aitak. Ugarteko Jorge Aldekoa delako ustea plazaratu du Manuel Cabacasek. "Izugarri mindu" du Ertzaintzaren buru izendatzeko aukerak. "Ezinezkoa da".

Fina Lizeranzuk, Cabacasen amak, ikusten ari diren inpunitateak sortzen dien itomena azaldu du hunkituta. "Ez dakit zer egin, nora jo". Instituzio eta agintariek bazterrean utzi dituztela salatu dute Cabacasen gurasoek eta haien abokatuek.

Asteburuan jakin da Ana Torres Bilboko 10. Instrukzio Auzitegiko epaileak lau ertzain inputatu dituela Cabacasen heriotzarekin lotuta. 2012ko apirilaren 5ean pilotakadak bota zituztela deklaratu zuten ertzainak eta tiro egiteko agindu zuen burua dira inputatukoak.

Epaileak ez du inputatu, ordea, gau horretan ertzainen arteko elkarrizketetan Ugarteko izenarekin aipatzen duten ertzaina. Horrek agindu zuen operazioa, eta inputatu ez izana sinesgaitza dela dio Goirizelaiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.