UNIBERTSITATEA

Goirizelaia UGTko kide batek salatu duela azaleratu dute

EILASek jakinarazi du Goirizelaiarekin gorabeherak izanak dituela salatzaileak. UGTk erantzun du sindikatu gisara ez duela salaketarik jarri, baina aitortu du litekeena dela kideren batek bere kabuz salatu izana.

Garikoitz Goikoetxea.
2013ko uztailaren 11
15:39
Entzun

Udako lansaria abendua aurreratzeko aukera jarri zuelako, UGT sindikatuko kide batek salatu du Iñaki Goirizelaia EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea. Unibertsitateak orain arte ez du baieztatu Goirizelaia nork salatu duen: soilik jakinarazi du langileen ordezkaria dela, eta gobernu kontseiluko kidea. EILAS sindikatuak azaleratu du salatzailea UGTko kidea dela, eta arazo pertsonalak izanak dituela errektorearekin. Sindikatuak BERRIAri erantzun dio esanez UGTk ez duela salaketarik jarri, baina ez du baztertu sindikatuko kideren batek bere kabuz salatu izana.

Langileen ordezkari eta gobernu kontseiluko kide, aukerak ez dira asko. Lau sindikatutako pertsona banak betetzen dituzte baldintza biak: LABekoak, EILASekoak, UGTkoak eta CCOOkoak. Nor izan ote zen zalantzan, EILASeko kideak auzitegira joan ziren herenegun, Goirizeiak inputatu gisa deklaratu behar zuen egun berean. UGTko kide hori ikusi zuten epaitegian, abokatuarekin batera —hain zuzen ere, salatzailea auzitegian zegoelako bertan behera utzi zuten deklarazioa herenegun—. Areago, beste iturri batzuek BERRIAri adierazi diote salaketan emandako argudio biak gobernu kontseiluko bilera batean publikoki errepikatu zituela salatzaileak: 2012ko aurrekontuan ez zegoela diru funtsik aparteko saria pagatzeko, eta aurrerapena langileek propio eskatu behar dutela.

EILASek azaldu du salatzaileak eta errektore taldeak gorabeherak izanak dituztela, espediente bat zabaldu ziotelako salatzaileari sexu jazarpenagatik. Sindikatuak kezka agertu du auzibideak sor dezakeen eraginagatik: "Zer gertatuko da sindikalista horrek irabazten badu errektorearekin hasi duen guda hau? Ziurrenik, aurrerakina jaso duten langileek diru hori itzuli behar izatea, horrek suposatuko lukeen guztiarekin". UGTk dio ez dagoela horrelako arriskurik: "Errektorea prebarikazioagatik zigortuko balute ere, inolaz ere ez luke ekarriko jasotakoa bueltatu behar izatea; izatekotan ere, hurrengo pagarekin itzuliko litzateke". Ez jasota, beraz.

EILASek ohar horretan UGTko kidearen aurkako "akusazio faltsuak" egin dituelakoan, sindikatuak salatzailearen izenean iragarri du "beharrezko neurri judizialak" hartuko dituela. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.