EHUko hauteskundeak

Goirizelaiaren gobernuko beste hiru kiderekin osatu du Balluerkak Errektoretzarako hautagaitza

Gaur aurkeztu du bere taldea osatuko dutenen zerrenda. Jon Zaratek, Lore Bilbaok eta Jose Luis Martinek jarraituko dute; lehen biek kargu berean. Marisol Estebanen hautagaitzan joandako Ivan Igartua izango da Arabako campuserako errektoreorderako hautagai.

Balluerkaren eta bere hautagaitzako kideak, taldearen aurkezpenera bidean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
Ibai Maruri Bilbao.
2016ko urriaren 21a
10:33
Entzun

Unibertsitate publikoarekin "konprometitutako" zazpi andre eta zazpi gizonek osatzen dute bere hautagaitza, Nekane Balluerka EHUko errektoregaiaren arabera. Goizean aurkeztu ditu bere zerrenda osatzen duten gainontzeko kideak. Balluerkarekin  batera Iñaki Goirizelaiaren gobernuan egon diren Jon Zarate, Lore Bilbao eta Jose Luis Martin ere ageri dira izenen artean. Eta duela zortzi urte Marisol Estebanen hautagaitzan joandako Ivan Igartua izango da Arabako campuserako errektoreorde izateko hautagaia; Patxi Lopezen gobernuan Hezkuntza eta Unibertsitate Sailean egon ziren Esteban eta Igartua.

Balluerkak esan du unibertsitateko "sentsibilitate guztien isla" dela  bere hautagaitza. Dena den, lehiakiderik izango ez duelako penatu da. Ideiak eta proposamenak eztabaidatu nahi ditu. Gainera, aitortu du hautagai bakarrarekin "zailagoa" dela botoa mobilizatzea.

Balluerkak datozen urteetarako helburu batzuk ipini ditu. Besteak beste, ikerketari bultzada bat eman nahi diola esan du. Proiektu nagusiena, hala ere, Medikuntza eta Erizaintza Fakultate berriaren obrak ordaintzeko finantzazioa lortzea eta lanekin hastea izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.