Trafikoa

Goiz arazotsua errepideetan; gizonezko bat hil da Arrasaten

Arazo franko izaten ari da gaur goizean errepideetan, batik bat, Gipuzkoan. 06:30ak aldera, zazpi autok istripua izan dute N-1 errepidean, Alegia inguruan, Gasteizko norabidean, eta une batean sei kilometrorainoko iladak eragin ditu. A-8 autopistan, berriz, Donostiako ingurubide guztia kolapsatuta egon da: hamabost autok elkar jo dute, eta Pasaiarainoko iladak sortu dira. Hala ere, pixkanaka korapiloa askatzen ari dira, eta orain, Intxaurrondorainoko iladak daude. Arrasaten auto bat ibaira erori, eta gizon bat hil da.

2004ko abenduaren 3a
12:17
Entzun
Nolanahi ere, Alegiko egoerak onera egin du piskanaka, eta dagoeneko nahiko zuzenduta dago hango arazoa. Ezbehar horretan zauritutako zenbait lagun erietxeetara eraman behar izan dituzte.

Arazorik handienak, dena den, Donostia inguruan sortu dira. Aieteko tunelaren irteeran 15 autok elkar jo dute, goizeko zortzi eta erdiak inguruan, eta, ondorioz, ingurubide guztia, A-8 autopistan barrenekoa, Bilborako norabidean, guztiz kolapsatu da. Intxaurrondoraino iristen dira iladak. Trafikoa N-1etik desbideratzen ari dira. Hainbat lagun zauritu dira, baina, agi denez, inork ez du ezer larririk.

Goizeko 09:30ak aldera, berriz, kamioi batek eta auto batek elkar jo dute N-1ean, Tolosa parean, eta Donostiako norabidean arazoak daude.

Eguraldi txarraren ondorio dira hein batean istripu horiek guztiak. Dena den, Aieteko tunelekoan olio orban batek zerikusia izan duela agertu dute trafiko arduradunek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.