Errepideetan arazo handiak izan dira gaur goizean elurraren ondorioz, eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak bihar arte luzatu du alerta laranja. A-8 errepidean sortu da arazo nagusia, sei autok elkar jota. Bidea itxi behar izan dute Itziarren, Bilborako nahiz Donostiarako noranzkoetan. Ireki dute dagoeneko. Edonola ere, goizak aurrera egin ahala, hobetzera jo du errepideen egoerak.
Sare nagusia irekita dago, baina hainbat mendate itxi dituzte. Herrera, Leintz-Gatzaga, Bernedo, Urduña eta Zaldiarango mendateak, esaterako, eta kamioak ezin izan dira Opakua eta Elgetatik ibili. Kanpazarren ere itxi dute bidea, zuhaitz bat erori eta errepidea oztopatzen ari delako. Dena den, zabaldu egin dute ordu batzuk geroago.
Nafarroako Gobernuak, berriz, arretaz gidatzeko eskatu du. Herrialde horretan itxi dituzte NA-2011 eta NA-2012 errepideak eta N-7510 errepidea Done Mikel Aralarkoan. Belaguako mendatea ere itxi egin dute.
Euskalmetek gaurko iragarri duenez, zaparrada txiki-ertainak botako ditu, bereziki Kantauri isurialdean. Elur maila 100-300 metro inguruan kokatuko da; goizaldean, noizbehinka, itsas mailara jaitsiko da, eta egunaren bigarren partean 200-400 metro ingurura igoko da. Trumoi ekaitzak eta txingorra egiteko aukera handia da.
Errepideetako informazioa: telefono zenbakiak eta webak
Errepideen egoerari buruzko informazio zehatza honako zerbitzuetan jaso daiteke:
- Nafarroa: 848423500 telefono zenbakian eta cfnavarra.es webgunean.
- Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa: 011 zenbakian eta trafikoa.net webgunean.
- Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa: 0800100200 zenbakian eta bison-fute.equipement.gouv.fr webgunean.