Barakaldon ez dauzkaten erraztasun horiek Markinan (Bizkaia) badituzte. Lea-Artibai eskualdean dago Markina, Euskal Herriko gune euskaldunenetako batean. «Guk ez daukagu arazorik euskararekin. Hemen jolastordura irteten dira, eta guzti-guztiek egiten dute euskaraz. Kalean ere ia euskara bakarrik entzuten da. Gure arazoa bestelakoa da: ikasleek daukaten gaztelaniazko maila oso baxua da, eta, erdara nagusi den inguruetara txangoak egitean, konturatzen gara gaztelaniaz komunikatzeko zailtasunak dituztela», azaldu du Gorka Urkizu Bekobenta ikastetxeko zuzendariak.Barakaldon arazoa bestelakoa da. Ikasgelan euskara da nagusi, baina behin jolastokira heltzen direnean, gaztelaniaren munduan murgiltzen dira ikasleak, Zabalak eta Altubek diotenez. D eredua bakarrik eskaintzen duten ikastetxeak dira Ibaibe 300 ikasle inguru eta Alkartu 400 ikasle inguru. 2 eta 12 urte arteko ikasleak hartzen dituzte. Eskola guztiak euskaraz izan arren, gurasoen %90 baino gehiago ez da euskalduna. Kalean ere euskara entzutea oso zaila da, barakaldarren %1ak baino ez baitaki euskaraz. Giro horrek erabat baldintzatzen du euskararen irakaskuntza, irakasleen esanetan. «Gu urtero 3-4 egunetarako joaten gara baserri-eskola batetara. Umeak animaliak ikusteko baino gehiago, giro euskaldun bat badagoela ikus dezaten joaten gara. Eta kaletik goazenean eta norbait euskaraz entzuten badute, 'horrek ere euskaraz daki!' esaten dute. Euren ikastetxekoa ez denak euskararik ez dakiela pentsatzen dute», azaldu du Zabalak.
Gurasoen «interes faltaren» ondorioak
Jolastorduetan umeek euskaraz egiteko ahalegin berezia egiten dute Ibaibeko eta Alkartuko irakasleek; besteak beste, jolasak proposatzen dizkiete, eta Alkartu ikastetxeko hormak umeak euskara erabiltzera animatzeko margoz josita daude. «Baina guk ezin ditugu jolastorduetan euskaraz egitera behartu, beraien aisialdian daudelako», dio Zabalak. Hain zuzen, beraiek egiten duten ahalegina beste batzuek ez dutela egiten igartzen dute irakasleek. Hala, Barakaldoko Udalak euskararen erabilera sustatzeko ekitaldirik ez antolatzea salatu du Altubek. Zabalak zenbait gurasoren «interes falta» jarri du mahai gainean, eta horrek sortzen dizkien arazoak. «Guraso batzuk ez daude behar beste kontzientziatuta. Eskaintzen dugun zerbitzua doakoa dela da gure arazoa. Beste ikastetxe batzuetan bezala hemen ikasteagatik ordainduko balitz, ziur naiz gurasoek euskara erabiltzera behartuko lituzketela umeak, baina doan denez, irakasleon esku geratzen da ahalegin guztia», adierazi du Zabalak. Gainera, euskararekiko gurasoen interes falta handitzen ari dela azpimarratu du Alkartuko irakasleak.
Gurasoen jarrera ezegokiaz gainera, zenbait irakaslek euskararekiko jarrera onegirik ez dutela esan du Txurdinagako Berritzeguneko euskararen normalizaziorako teknikariak. Bilboko ikastetxeetako euskara batzordeak koordinatzen jarduten du, baina euskararen erabilera sustatzeko lanean dauden irakasleak gutxiengoa direla aitortzen du. «Irakasleen artean arraroak bezala begiratzen diete». Horrezaz gainera, irakasle batzuk euskara «oztopo» gisa ikusten dutela agertu du, eta beraien «motibazio falta» hortik datorrela. «Irakasleek badakite euskara ikasi behar dutela, baina sarritan laguntza falta igartzen dute. Euskara ikasi eta gero, erdi galduta ikusten dira. Gainera, gizarteak ere ez du batere laguntzen». Egoera horretan, eta ikasleak motibaziorik gabe ikustean, ikasleak euskara ikasteko gogoa izatea «oso zail» ikusten du. Hain zuzen, gizarteak ematen ez dien laguntza salatu dute irakasleek. «Eskolak ahalegin berezia egin du euskalduntzearen alde, baina gizarteak ez du bide bera jarraitu. Eskolari bakarrik ezin zaio leporatu gertatzen ari dena. Orain 20 urte gauzak zeuden moduan zeuden, eta orain beste egoera batean gaude. Aurrera egin da, ahalegin ikaragarriaren ondorioz», azaldu du Txurdinagako Berritzeguneko teknikariak. Jaione Zabalak ere gizartean bertan kokatu ditu umeek euskara ikasteko dituzten zailtasunak, eta irakasleek bezala, haurrek ere sarritan beren burua euskara ikastera behartuta ikusten dutela nabarmendu du. «Beharbada umeek ere galdu dute euskara ikasteko zuten motibazio hori; behartuta ikusten dute euskara ikastea. Beraiek herrian ez dute ikusten euskara ikasteko beharrizana. Barakaldoko gizartean barneratzeko euskara ez da beharrezkoa».
-
IRAKASLEEN FORMAZIOA
Prestakuntzan laguntzeko eskatu dute
Gaur egun lanean ari diren irakasle guztiek daukate eskatzen zaien hizkuntz eskakizuna, baina Txurdinagako Berritzeguneko euskara normalizaziorako teknikariak azpimarratu duenez, oraindik asko dira laguntza eske joaten zaizkien irakasleak. Izan ere, hizkuntz eskakizuna edukitzeak ez du esan nahi eskolak euskaraz emateko aski konfiantza dutenik. Hain zuzen, irakasle euskaldun berri horiek laguntza falta igartzen dutela salatu du, batez ere Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) irakasleek. Hain zuzen, ikasleek duten ezagutza maila irakasleek euskaraz komunikatzeko duten erraztasunaren araberakoa izan daitekeela dio.
16 urteko neska-mutikoen euskara ezagutzaren emaitzen berri ematean, irakasleen prestakuntzan sakondu beharra dagoela azpimarratu zuen Anjeles Iztueta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak. Irakasleak bat datoz proposamen horrekin, baina bakoitzak bere ikuspegia du. Txurdinagako Berritzeguneko teknikariak, Irale Irakasleak euskalduntzeko programa bukatu ostean irakasleek laguntza berezia izatea proposatu du. «Irakaslea Iraletik irteten da, eta ez dauka egokitzeko prozesurik; berehala hasten da eskolak euskaraz ematen, eta beldur handia izaten du. Lehenengo urtean norbait izan beharko luke ondoan». Zenbaitetan, oraindik eta jarduera «kaltegarriagoak» ere egiten direla nabarmendu du Txurdinagako Berritzeguneko teknikariak. Iraleren bitartez bi urtean euskaldundu den irakaslea lanera bueltatzean, batzuetan gaztelaniazko eskolak ematen hasten da, eta, handik bi urtera, euskarazkoak emateko eskatzen diete. «Bistakoa denez, hori are kaltegarriagoa da. Ikasitakoa erdi ahaztuta izango du, eta eskolak emateko izan dezakeen beldurra neurtzea ezinezkoa da». Irakasle horiek egokitze prozesua behar dutela dio.
Gune euskaldunetan %20 ikasle gehiagok gainditu dute proba
Familia hizkuntza euskara duten B eta D ereduetako ikasleen %72k lortu dute euskara azterketa gainditzea
ASIER ITURRIAGAETXEBARRIA - BILBO
Ikasleak bizi diren ingurua zenbat eta euskaldunagoa izan, haurrek orduan eta hobeto dakite euskaraz. Horixe ondorioztatu du ISEIk (Irakas-Sistema Ikertu eta Ebaluatzeko Erakundea) 16 urteko ikasleen euskara maila neurtzeko azterketan. Izan ere, gune euskaldunetan ikasle gehiagok gainditu dute proba. Euskaldunen eta ia euskaldunen kopurua populazioaren %63tik gorakoa denean, euskara proba gainditu duten ikasleen kopurua batez bestekoa baino askoz altuagoa da (guztietatik %60,8 gutxi gorabehera). Euskaldunen eta ia euskaldunen kopurua populazio oso aren erditik beherakoa denean, euskara proba gainditu duten ikasleak ez dira %40ra heltzen.
Hizkuntza eremuaz gainera, familia hezkuntza ereduaren aldagaia sartzean ikusten da ikaslearen ingurua euskalduna bada D eredua indartsuagoa dela. Izan ere, euskaldunen eta ia euskaldunen kopurua %63koa baino gutxiagokoa den inguruetan biltzen dira B ereduko ikasleak (%88). Azterketatik atera diren D ereduko datuek erakutsi dute alde nabarmena dagoela ikasleen hizkuntza eremuen arabera. Hala, euskaldunen eta ia euskaldunen kopurua %50etik gorakoa den inguruetan %64k gainditu dute proba. Euskaldunen kopurua erdia baino baxuagoa den lekuetan, ostera %41ek. B ereduko datuak homogeneoagoak dira.
Hizkuntza eremuaren aldagaiari familia hizkuntzaren eragina zenbatekoa izan daitekeen ere neurtu dute ISEIkoek. Familia hizkuntzaren eragina handia dela ondorioztatu dute. B edo D ereduan ikasi arren, euskaraz mintzatzen den familietako ikasleen %72,5ek gainditu dute proba. Etxean euskaraz berba egiten ez duten ikasle gutxiagok gainditu dute proba (%38,5). Baina etxean euskaraz hitz egin ez arren inguru euskaldunean bizi badira, emaitzak 15 puntu hobeak dira. Beste bi ondorio ere atera dituzte. Batetik, hizkuntza eremuko euskaldunen eta ia euskaldunen kopurua %63 eta %50 artekoa edo %50 baino txikiagoa bada, etxean hitz egiteko aukera ez duten ikasleen arrakasta antzekoa da; bi eremuetan %35ek gainditu dute proba. Familia hizkuntza euskara denean, ikasle gehienek gainditu dute proba. Ikasleen kopurua batez bestekoa baino 15 puntu handiagoa da .