Gomazko piloten erabilera «mugatzeko» eskatu dio Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailari. Atzo eginiko eztabaidan, EAk aurkeztutako proposamena atzera bota zutenPSE-EEk eta PPk, eta sozialistek aurrera atera zuten eurena. EAk eskatu zuen gomazko pilotak berehala debekatzeko. Proposamen horrek EAJko legebiltzarkideen botoak jaso bazituen ere, ez zuen nahikoa babes lortu aurrera egiteko.
Finean, PSE-EEk eta PPk babestu duten proposamenak bat egiten du apirilean Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak iragarritako neurriekin. Besteak beste, Aresek jakinarazi zuen 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera polizia etxeetako ertzainek ezin izango dutela gomazko pilotak botatzeko eskopetarik erabili, baina brigada mugikorrek eta bereziek, ordea, erabiltzen jarraitu ahal izango dutela, betiere «salbuespen» egoeretan. Era berean, ekainaren 1etik 2013ra bitarte, ertzainek «mugatua» izango dute horiek erabiltzea: «salbuespeneko egoeretan» soilik erabili ahalko dituzte, eta ertzainburuaren aginduz.
Eusko Legebiltzarrean atzo eginiko eztabaidan, Mikel Unzalu legebiltzarkide sozialistak argudiatu zuen PSE-EEren helburua gomazko piloten erabilera «amaitzea» dela, baina nabarmendu zuen hori ezin dela egun batetik bestera egin. Gogoratu zuen «material berri batekin» probak egiten hasi direla ertzainak.
Unzaluk gogor kritikatu zuen EAJren jarrera. «Arduragabekeriaz» jokatzea leporatu zien alderdi jeltzaleko legebiltzarkideei, eta gogoratu zien gobernuan egon zirenean ez zutela ezer egin gomazko pilotak kentzeko. Unzaluren arabera, hauteskundeei begira daudelako eman zuten debekuaren aldeko botoa jeltzaleek, Patxi Lopezen gobernuaren irudia «zikintzeko».
Mikel Martinez EAJko legebiltzarkideak, baina, azaldu zuen debekuaren alde daudela, aurreko urteetan ez bezala «une honetan» egin daitekeelako materialaren aldaketa, hori «modu bizkor eta eraginkor batean» egin daitekeela argudiatuta.
Gomazko piloten erabilera «mugatzearen» alde egin du Legebiltzarrak
EAk eskatu du berehala debekatzeko, baina PSEren proposamena gailendu da, PPren babesarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu