CANeko ikerketa batzordea

Goñik, Sanzek eta Barcinak azalpenak eman beharko dituzte

Hemeretzi lagunek, horietako gehienak Nafarroako Kutxako buruzagi ohiak, agerraldiak egingo dituzte apirilaren 13tik ekainaren 8ra bitartean

CANeko ikerketa batzordearen bilera gaur. IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
joxerra senar
2018ko otsailaren 7a
13:57
Entzun

Aste Santuko oporren ostean, ostiralero Nafarroako Kutxaren auziak protagonismoa bereganatuko du. Gaur goizean CANeko ikerketa batzordeak aho batez onartu du agerraldien egutegia eta guztira bederatzi agerraldi izango dira. Helburua da ekainaren 30erako ondorioak zehaztuta egotea.

Guztira hemeretzi lagunek parte hartuko dute ikerketa batzordean. Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k, PSNk eta Ezkerrak hemezortzi pertsonen agerraldia eskatu zuten. Era berean, Enrique Goñi Nafarroako Kutxako zuzendari ohi eta Banca Civicako presidente ohiak agerraldia eskatu du bere kabuz eta UPNk bere egin du eskaera.

Hemeretzi agerraldiak

Goizean bildu da batzordea, eta ondoren komunikabideen aurrean Unai Hualdek eman du agerraldien berri. Gaur egun ostiraletan Ultzamako biogas plantaren inguruko ikerketa batzordea bildu ohi da, baina asmoa da behin hori amaituta CANeko ikerketa batzordea hastea.

Apirilaren 13an hasiko dira agerraldiak. Lorenzo Riezu eta Manuel Lopez Merino Nafarroako Kutxako zuzendari ohiek parte hartuko dute. Biak oso kritiko izan dira Enrique Goñiren kudeaketarekin. Apirilaren 20an, Jose Antonio Sarria CEN patronaleko buruak eta CANeko kontrol batzordeko lehendakari ohiak eta Jose Antonio Asiain CANeko lehendakari ohiak parte hartuko dute.

Hirugarren saioa apirilaren 27an izango da eta Ernst Young ikuskaritza etxeko bi teknikarik parte hartuko dute: Jose Carlos Hernandez 2010 eta 2011ko txostenen egilea eta Francisco Garcia Valdecasas, Caixabankentzat Banca Civicaren egoeraz 2012an egin zuen Noel txostenaren egilea.

Ondoren, CANeko arduradun ohiek hartuko dute hitza. Laugarren saioan, maiatzaren 4an, Alberto Pascual eta Amaia Randez idazkari ohie parte hartuko dute. Bosgarren saioan, maiatzaren 11n, Juan Oderiz CAN eta Banca Civicako zuzendari ohiak eta Roberto Ducay estrategia arduradun ohiak joango dira. Seigarren saioan, Vialogos Capital Humanoko arduradunak joango dira (tartean Enrique de Mulder).

Azken saioak izan daitezke beroenak. Maiatzaren 25ean Enrique Goñik parte hartuko du. Ekainaren 1ean, berriz, Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko lehendakari ohiak eta Alvaro Miranda Ekonomia kontseilaria ohia. Azken saioa, berriz, ekainaren 8an izango da. Miguel Sanz lehendakari ohiak parte hartuko du.

Gaurtik aurrera jakinaraziko zaie denei. Guztiak agerraldira joatera behartuta daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.