Urte batzuk pasatu dira Euskal Herrian izan zenetik. Irlanda iparraldera eramango zuen hegazkina hartu aurretik panpina bat aurkitu zuen Bilboko kaleetan, uretan blai, zikinduta, abandonaturik. Harekin zioan lagunak etxera eraman zezan eskatu zion; erokeria bat iruditu zitzaion, baina hala egin zuen. Egun, haren ilobak jolasean aritzen dira panpinarekin.
Ipuina dirudien arren, gertaera benetakoa da. Harold Good apaiz protestantea da istorioaren protagonista, eta atzo kontatu zuen Lokarrik gonbidatuta Donostiako Kursaal jauregian eginiko hitzaldian. Good sinetsita dago porrot egin duten prozesuen hondarretatik sortzen direla aukera berriak. Itxaropenaz mintzatu zen apaiz protestantea; konponbide prozesu batek aurrera egin dezan banakoen sentimenduek duten garrantziaz. «Emozioez ere ari gara bakeprozesu batez ari garenean. Eta konturatu naiz une honetan zuen hiztegiaren parte dela itxaropena», esan zuen lepo zegoen areto batean.
Alec Reid katolikoarekin batera IRAren desarmearen lekuko independente gisa jardun zuen Goodek, eta Gorka Espiauren Eurilehorra dokumentalaren protagonistetako bat da. Film horretan Ipar Irlandako eta Hego Afrikako konponbide prozesuek euskal gatazkan utzi duten itzala aztertzen da; atzo egin zuten jendaurreko aurkezpena Euskal Herrian.
Dokumentala ikusi ondoren, han bildutakoek aukera izan zuten Goodi eta Espiauri galderak egiteko. Biek ala biek nabarmendu zuten Euskal Herria bake bidean jartzeko aukera paregabearen aurrean dagoela, eta aukera hori«ospatu» beharra dagoela adierazi zuten. «Azken hilabeteotan gertatu denari buruz hausnartu behar dugu, eta ospatu. Gertatutakoari balioa kentzen badiogu zaila izango dugu bidea berreskuratzen», adierazi zuen Espiauk. Goodek, berriz, Ipar Irlandako gatazkaren konponbiderako gako izan diren hainbat puntu aipatu zituen, eta ,bereziki, «jarrera aldaketaren» garrantzia nabarmendu zuen. Azken batean, apaiz protestanteak uste du bakea eraiki egiten dela eta prozesu horren oinarri direla sentimenduak. «Pentsatzeko modua aldatu behar da, burua aldatu, baina baita bihotza ere».
Gooden irudiko, adibidez, biktimek paper garrantzitsua joka dezakete gatazkaren konponbidean. «Denok jarri behar dugu haien larruan eta galdetu: nola jokatuko nuke nik?». Itxaropena, eskuzabaltasuna, barkamena... dira hitz gakoak Gooden arabera. «Gizaki gisa jokatu behar da. Beharbada, itxaron beharko da, pazientzia beharko duzue zenbait unetan. Baina ez dira loreak zaborretara bota behar. Elkar sinetsi. Haurren modura funtzionatu behar da askotan», adierazi zuen.
Good: «Loreak ez dira zaborretara bota behar»
Lokarriren bosgarren urteurrenaren karietara, Donostian izan da Ipar Irlandako apaiz protestantea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu