Hilabetero, bigarren larunbatean, Iruñeko talde feminista ugarik hainbat tailer, hitzaldi, eta abar egingo dituzte, guztiak ere euskaraz eta izena emateko beharrik gabe: "Gaur egungo gizartearen sistema heteropatriarkalari lotutako gai ugari jorratuko dira, eta horiek zein eragin duten eguneroko harremanetan eta, bereziki, festa giroko harremanetan".
Otsailaren 13an ekingo diote kanpainari, Maitasun erromantikoa eta ezkutuko indarkeriak izeneko hitzaldiarekin. Emagineko Amaia Zufiak emango du. Emakumezkoentzat nahiz gizonezkoentzat izango da. Martxoaren 12rako, berriz, soilik gizonezkoentzako hitzaldi bat antolatu dute: Gizonak berdintasunerako bidean. Gizonenea taldeko Jabi Arakama izango da hizlaria.
Apirilaren 9an, Ligoteo sanoa izeneko tailerra egingo dute, bereziki 16 eta 20 urte bitarteko neska-mutilentzat. Lastotan kooperatibako Oihana Belokik zuzenduko du. Maiatzaren 14an, berriz, Kattalingorriko Xabi Sanchezek eta Bilgune Feministako Oihana Lopezek Identitateak dantzan, mugak zabaltzen tailerra egingo dute, emakumeentzat nahiz gizonentzat. Azkenik, ekainaren 14rako Emakumeen ahalduntzea eta sareak hitzaldia prestatu dute, soilik emakumeentzat.
10:00 eta 13:30 artean izango dira saio guztiak Iruñeko Kondestable jauregian.
#JaiakAske Otsailetik Sanferminak bitarte hilabeteroko bigarren larunbatean tailerrak egingo ditugu. Animatu! pic.twitter.com/tbVv5dC1hy
— Gora Iruñea! (@GoraIrunea) January 30, 2016