Gorenak amarrutzat jo ditu tortura salaketak, eta Guardia Zibila errugabetu du

Igor Porturi eta Mattin Sarasolari «tortura larriak» egitea egotzita zigortutako guardia zibilak errugabe direla esan du GorenakETAren aginduei jarraituz salaketa jarri eta lekukoak «gero topatu» zitzaketela dio

Igor Portu eta Mattin Sarasola, inkomunikazio alditik atera ostean, tortura zantzu nabarmenekin. BERRIA.
Oihana Elduaien Uranga.
2011ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Guardia Zibilak Igor Portu eta Mattin Sarasola ez zituela torturatu uste du Espainiako Auzitegi Gorenak. «Ez da torturarik egon, edo errugabetasun presuntzioa urratzeko neurrian ez da frogatu haren existentzia». «Atxiloketan indarkeria gehiegi egon zela akreditatzeko daturik ez dago; beraz, akusatuek beraien eginbeharra bete zuten», dio. Hala, Donostiako Probintzia Auzitegiak 2010eko abenduan bi eta lau urte arteko zigorra jarri zien lau guardia zibilak errugabetu egin ditu.

Gainera, Gorenak Donostiako Auzitegiari aurpegiratu dio epaiketan ez izatea «behar bezain arretatsua», Portu eta Sarasola 1.040 urteko zigorra betetzen ari direlako ETAko kide izan eta T4ko atentatua egitea egotzita. «Torturengatik zigorra egongo balitz, zalantzan jarriko lirateke haien zigorra ahalbideratu zuten lekukotasun batzuk». Atxilotuta zeuzkatela egindako deklarazioak erabili zituzten Portu eta Sarasolari atentatu hori leporatzeko. Torturapean egindako deklarazioak direla diote bi lesakarrek.

Donostiako Probintzia Auzitegian 15 guardia zibilen kontra egindako epaiketan bi bertsio kontrajarri agertu ziren. Batetik, 2008ko urtarrilaren 6an atxilotu zituztenean kotxe banatan sartu etakolpeka hasi zitzaizkiela esaten duen bertsioa dago. Portu eta Sarasolarena.Mendi ingurua eraman zituztela eta torturak jasotzen jarraitu zutela kontatu zuten auzitegian; Portu erietxera eraman arte, eta Sarasola Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean utzi arte gogor torturatu zituztela. Hala gertatu zela frogatzeko, beraiek esandakoari sinesgarritasuna eman dioten lekukoak eman zituzten epaiketara. Bi ustezko etakideek gorputzean zituzten zauriak Guardia Zibilaren bertsioarekin bat ez datozela esan zuten auzi medikuek ere deklaratu zuten. —Auzitegiaren eskariz egin zuten epaiketan aurkeztutako txostena—.

Bertsio horren aurrean Guardia Zibilaren bertsioa zegoen. ETAko zuzendaritzak hango kideei atxiloketen ondoren torturak salatzeko agintzen diela esaten du bertsio horrek, eta horri jarraituz salatu zituztela torturak, «kantaldiaren» formula jarraituz. Portuk eta Sarasolak ageriko zauri zituzten ordea atxiloketaren ostean —Portu erietxera eraman behar izanzuten—, eta zauri horiek justifikatzeko, atxiloketaren unean bi etakideek ihesari eman ziotela, eta haiek menderatzeko indarra erabili behar izan zutela azaldu zuten. Hori indartzeko, zauriak atxiloketa unekoak izan zitezkeela esateko medikuak ere eraman zituzten, Madriletik.

Donostiako Probintzia auzitegiak Portu eta Sarasolaren bertsioari eman zion arrazoia, lekukoen testigantzak eta auzi medikuen azalpenak kontuan hartuta hartarako nahiko froga bazeudela argudiatuta. Erabat bestelako jarrera hartu du ordea Espainiako Auzitegi Gorenak —Juan Saavedrak, Andres Martinezek, Julian Sanchezek, Jose Ramon Sorianok eta Juan Ramon Berdugok sinatu dute epaia—. ETAren aginduak jarraituz «kantaldia» prestatuta eduki ostean egindako «muntaketa» izan daiteke lekukoena, Gorenaren irudiko. Tesi horri heltzen dio, eta torturak izan zirela «frogatu gabe» dagoela ebazten du.

Hori argudiatzeko, Portu eta Sarasolaren talde berekotzat jotzen duten Mikel San Sebastianen etxean Atxiloketari aurre eginez eskuliburua topatu zutela dio, eta eskuliburu horretan «kantaldia» prestatzeko esaten zaiela ETAko kideei. Hori, baina, ez da zuzena. Txosten horretan ez da halako argibiderik ematen. Poliziak zabaldu izan duenaren arabera, 1998an Araba komandoari atzemandako agiri batzuetan ematen dizkie ETAren zuzendaritzak halako aginduak bertako kideei. Baina, agiri horiek egiazkoak direla ere frogatzeke dago.

Hala ere, ustez San Sebastianen etxean topatu zuten txosten horri eusten dio Auzitegi Gorenak, eta argudiatzen du, han ematen diren aginduak betetzen ari daitezkeela Portu eta Sarasola. Haiek aurkeztutako lekukoei balioa kentzeko ere txosten hori erabiltzen du Gorenak. Bere arabera, txosten horretan esaten da torturak salatzeko, eta gero «topatuko» dituztela lekukoak. Epaiketan deklaratu zuten lekuko guztiak «gero topatutakoak» izan daitezkeela argudiatzen du.

Pakita Etxegoien da lekuko horietako bat. Portu erietxera eraman zutenean haren arropak jasotzea egokitu zitzaion, eta epaiketan esan zuen Porturen galtzerdiak blai eginda zeudela. Zer gertatu zitzaion galdetu, eta «errekan sartu naute» erantzun ziola atxilotuak. Hori gertatu ostean Porturen senitartekoei deitu zien Etxegoienek, azaldu zuenez, familiaren egoeran jarrita elkartasunez, eta zenbakia telefono gidan topatuta. Aurretik ez zituela ezagutzen azaldu zuen. Gorenak dio Etxegoienek senitartekoei deitu bazien «ezagutzen zituelako» egin zuela. Beraz, gero «topatutakoa» izan daitekeela.

Asier Agirre Aramaioko alkateak epaiketan esan zuen Portuk eta Sarasolak deskribatutako bide bat bazela haiek atxilotu zituzten inguruan, garai hartan, nahiz eta gero AHTren lanekin desagertu zen. Atxiloketen egunean Guardia Zibilak bide hori itxita eduki zuela ere esan zuen.Gorenaren arabera, lekukotasun hori «gero topatutakoa» izan daitekeela pentsatzeko arrazoitzat jotzen du Agirre ANVren zerrendetan aurkeztu zela alkatetzara.

Isidro Ropero da hirugarren lekukoa. Atxiloketaren unean bertan zen, eta han indarkeriarik ez zuela ikusi azaldu zuen epaiketan eta baita aurretik Bergarako Auzitegian egindako kontaketan ere. Kontaketa hori egitera HBko abokatu batekin joan izana, eta bere emaztearen osaba bat preso egotea dira Roperoren testigantza zalantzan jartzeko ematen dituen «arrazoiak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.