'Errepresioari autodefentsa'

Gorenak Auzitegi Nazionalaren esku utzi du Iruñeko istiluen auzia

Espainiako Zigor Kodeko 573. artikuluan oinarrituta, gertaerak "terrorismo" delitu izan daitezkeela ebatzi dute epaileek, fiskalaren irizpidea aintzat hartuta. Auzitegi Nazionaleko 3. instrukzio auzitegiak ikertuko ditu gertaerak.

Elkarretaratzea Errenterian, martxoan, atxilotuak askatzeko eskatzeko. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS
Hodei Iruretagoiena
2017ko ekainaren 16a
11:31
Entzun

Iruñeko Auzitegiaren eta Espainiako Auzitegi Nazionalaren artean zegoen eskumen gatazka, eta martxoaren 11n Iruñean izandako istiluen auzia Madrilen ikertzea erabaki du Auzitegi Gorenak. Jose Ramon Sorianok, Francisco Monterdek eta Juan Ramon Berdugok osatzen zuten epaimahaia —Altsasuko auzia ere Auzitegi Nazionalean ikertzea erabaki zuten berak dira azkenengo biak—.

Errepresioari autodefentsa lelopean, manifestazioa egin zuten Iruñean, eta Errenteriako (Gipuzkoa) lau gazte atxilotu zituen Espainiako Poliziak. Horietako hiru espetxean dituzte geroztik —laugarrena ez, adingabea delako–.

Nafarroako Lurralde Auzitegiak ere atera zuen auto bat gertaera horien inguruan. Auzia Iruñean ikertu behar dela esan zuten hango epaileek, delituak larriak izan arren desordena publikoen barruan kokatu zituztelako, eta ez delitu "terroristen" barruan. Gorenak nabarmendu du delitu larritzat hartu zituela gertaerak auzitegi hark ere, eta argudio moduan oroitarazi du atxilotuak espetxean mantentzearen alde egin zuela.

"Terrore egoera"

Gorenaren ustez, ordea, "hiritarren artean terrore egoera eta segurtasun falta sortzera zuzendutako jokabideak" izan ziren Iruñeko manifestazioaren ondoren; "beraz, zantzuei begiratuta, Zigor Kodeko 573. artikuluko terrorismo delituen artean sailka daitezkeen gertaeren aurrean gaude". Horrekin batera, lesio, kalte, desordena publiko, sute eta atentatu delituak egon daitezkeela esan du.

Auzipetuen parte hartzearen inguruan, Gorenak adierazi du "manifestazioa egin behar zen lekura joan zirela", eta "agerikoa" dela gertatutakoekin "harremanean" zeudela. ""Egilekidetza" aipatu dute epaileek, baina adierazi dute ez dagokiela auzipetuen inplikazioa zehaztea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.