Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin du Tasio Erkizia ezker abertzaleko kidearen aurkako urtebeteko kartzela zigorra, 2008an Arrigorriagan Jose Miguel Beñaran Argala zenaren omenaldian "terrorismoa goratu" zuelakoan. Francisco Monterde epaileak idatzi du epaia. "Nabarmena da ETAko kide baten omenaldia zela, ez familiaren ekitaldi bat edo ekitaldi politiko bat, eta Erkiziak Argala goretsi nahi izan zuen". Ezker abertzaleko kideak ekitaldiaren bukaeran Gora Euskal Herria askatuta, Gora Euskal Herria euskalduna eta Gora Argala oihukatu zituela dio epaiak.
Joaquin Gimenez magistratuak boto partikularra eman du. Haren ustez, izan ere, Erkiziak ez zuen "terrorismoa goretsi", eta oholtzan ez zen ETA goresteko ikurrik-eta izan. "Erkiziaren hitzak bide baketsuak bilatzearen aldekoak izan ziren".
Jone Goirizelaia defentsa abokatuak joan den martxoaren hasieran Auzitegi Nazionalaren zigorra kentzeko eskatu zuen, Erkiziak "adierazpen askatasuna baliatu" zuelako "ekitaldi politiko" batean parte hartzeko. Goirizelaiak gaineratu zuen Argalaren senitartekoek gonbidatuta joan zela hura, hildako bat gogoratzeko, eta ez ETAko kide bat gogoratzeko.
Ezker abertzaleak gaur esan duenez, Erkiziaren zigorra "aterabide demokratikoen aurkakoa da". Aralarrek "delitu ideologiko" gisa jo du epaia.
Batallon Vasco Españolek hil zuen Argala.