sortu-ren erregistroa

Gorenak etzi jakinaraziko du Sorturen debekuari buruzko autoa

Alderdia erregistratzearen alde dauden magistratuek boto partikularra prestatzeko aukera izango dute ostirala artean. Bederatzi epailek debekuaren alde egin zuten, zazpik kontra. Sortuk bozetan parte hartzeko apirilaren 8rako ordezkari orokor bat izendatu behar du Hauteskunde Batzorde Zentralean, eta ordurako Barne Ministerioan erregistratuta egon behar du.

2011ko martxoaren 30a
17:22
Entzun

Espainiako Auzitegi Goreneko 61eko sala gaur goizetik bilduta egon da Madrilen, Sortu ezker abertzaleko alderdia ez erregistratzeari buruzko autoa idazteko; prest du, baina parteei ostiralean jakinaraziko die, 13:00etan. Bitartean, debekuaren aurka dauden salako magistratuei boto partikularra idazteko aukera eskaini die. Lehengo asteazkenean eman zuen Gorenak erregistroaren ezezkoaren erabakia, aurreko bi egunetan auzi saioak egin ondotik.

Hasieran, erabakiaren berri ematean, hiru boto partikular egongo direla jakinarazi zuen Gorenaren prentsa bulegoak. Baina gerora jakin da Sorturen erregistroa ez onartzeko erabakiarekiko desadostasuna hiru boto partikular horiek adierazten dutena baino handiagoa izan dela. Gorenaren 61eko sala bitan zatitu da: bederatzi magistratuk Fiskaltza eta Estatuaren abokatuaren tesi nagusiarekin bat egin eta debekuaren alde egin dute, eta zazpik kontra. Hiruk, gainera, adierazi dute boto partikularra idazteko asmoa. Gerta liteke boto partikular horiei beste epaile batzuk atxikitzea. 

Auzitegi Goreneko 61eko salan agertu den zatiketa hori berria da. Ezker abertzalearen legez kanporatzeari lotutako auzi gehienetan Auzitegi Gorenak aho batez hartu izan ditu erabakiak. Salbuespenetako bat Iniziatiba Internazionalistaren kasua izan zen. Orduan salaren gehiengoak legez kanpo uztearen alde egin bazuen ere, bost epailek kontrako iritzia agertu zuten, nahiz inor ez zen ausartu boto partikular bat idazten. Azkenean Auzitegi Konstituzionalak arrazoia eman zien epaile horiei. 

Legeztatzearen kontra Auzitegi Gorenak hartutako erabakiari helegitea jarri ahal izango dio Sortuk Auzitegi Konstituzionalean. Gorenaren autoa duenetik 20-30 egun artean izango ditu Sortuk helegitea jartzeko, eta auziko beste aldeek —Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak— beste horrenbeste egun izango lituzkete. Auzitegi Konstituzionalak lehenik helegitea tramitatzea edo ez erabaki behar du, eta onartzen badu, mamiari buruz erabaki. Ez du epe zehatzik.

Udal eta foru bozak maiatzaren 22an izango dira. Hauteskunde prozesuaren arabera, Sortuk bere kasa parte hartzeko apirilaren 8rako ordezkari orokor bat izendatu behar du Hauteskunde Batzorde Zentralean, eta ordurako Espainiako Gobernuko Barne Ministerioan alderdi gisa erregistratuta egon behar da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.