Memoria Historikoa

Gorenak ez du eten Francoren gorpuzkiak hobitik ateratzeko prozedura

Diktadorearen familiak eskatu zuen Francoren gorpuzkiak Erorien Haranetik ateratzeko prozedura bertan behera uztea, baina Espainiako Auzitegi Gorenak ez du eskaria onartu. Sanchezen gobernuak jakinarazi du urtarrilaren amaieran atera nahi dituela gorpuzkiak.

Espainiako Auzitegi Goreneko Administraziorekiko 4. sekzioak hartu du erabakia. BALLESTEROS, EFE.
2018ko abenduaren 17a
07:23
Entzun

Behin-behineko neurririk ez du hartuko Espainiako Auzitegi Gorenak, auziaren mamiaz erabaki bitartean, behintzat. Francisco Franco diktadorearen ondorengoek diktadorearen gorpuzkiak Madrilgo Erorien Haranetik ateratzeko prozedura geldiarazteko eskatu zuten Gorenean, baina epaileek atzera bota dute eskaera. Francoren senideek argudiatu zuten, mamiaz erabaki aurretik Espainiako Gobernuaren asmoa gauzatzen bada, "kalte konponezinak" eragin ditzaketela. Horregatik, prozedura bertan behera uztea nahi zuten, gorpuzkiak mugitzea legezkoa ote den argitu bitartean.

Azken batean, gobernuaren erabaki baten aurkako helegitea zen Gorenak ebatzi beharrekoa. Epaileek gogorarazi dutenez, gobernuaren lege dekretu horrek ez du berez Francoren gorpuzkiak ateratzea justifikatzen, eta bere horretan, ez luke "kalterik" eragingo. Espainiako Gobernuko iturriek gaur jakinarazi dutenez, gorpuzkiak urtarrilaren amaieran ateratzea aurreikusten dute. Oraindik helegiteetarako tartea badu familiak, dena den.

Espainiako Gobernuak joan den abuztuan ekin zion diktadorearen gorpuzkiak Erorien Haranetik ateratzeko bideari, lege dekretu baten bidez. Irailean, Espainiako Kongresuko talde guztiek babestu zuten dekretua, PPk eta Ciudadanosek izan ezik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.