Auzitegi Goreneko 61eko salarenjarduera judizialaren aurkako baliogabetze intzidentea aurkeztu dute Sorturen abokatuek. Salaren erabakia, besteak beste, askatasun ideologikoaren eta alderdi politikoak sortzeko eskubidearen aurka doala argudiatu dute. Horrenbestez, auzitegiari eskatu diote martxoaren 30ean kaleratutako autoan jasotako erabakia eteteko eta Sortu erroldatzeko eragozpena behin-behinean altxatzeko.
Baliogabetze intzidentea Auzitegi Konstituzionalera jo aurreko ezinbesteko pausoa da. Sorturen legez kanporatzea oinarrizko eskubideren bat urratzen duen edo ez aztertu beharko du Auzitegi Gorenak orain. Intzidentea onartzen badu, Estatuaren abokatuari eta Fiskaltzari aukera emango die Sorturen intzidentearen aurka alegazioak aurkezteko. Onartuko ez balu, Sortuk zuzenean babes helegitea aurkeztuko luke Auzitegi Konstituzionalean.
Alderdiaren abokatuek dioteSortu legez kanporatzeko prozesuan aurkeztu diren froga dokumentalak «modu partzialean» interpretatu dituela auzitegiak. Bereziki, indarkeriaren erabileraren inguruan ezker abertzalearen eta ETAren artean egon diren «bat ez etortzeak» frogatuko luketen agiriak «isilean gorde» dituela salatu dute, eta ezker abertzalearen barruan egondako barne eztabaida «ezkutatu edo desnaturatu» izana leporatu diote. Sorturen estatutuei dagokienez, Sorturen abokatuek diote alderdi berriaren eta ETAren «haustura» frogatuko luketen puntuak «isilean gorde» dituela auzitegiak.
Martxoaren 30ean jakinarazitako autoan, Gorenak frogatutzat eman zuen ETAk «zuzendu» zuela ezker abertzalearen antolakunde politiko berriaren sorrera. Prozesu demokratikoa deituriko agiri batean oinarritu zuen bereziki erabakia. Agiri horren egiletza ETAri leporatu zion, eta ezker abertzalearen estrategia berriaren hasiera dokumentu horretan kokatu zuen.
Sorturen abokatuek, baina, azaldu dute barne eztabaidaren oinarria ez dela agiri hori. Eta azaldu ezker abertzaleak eztabaida bati hasiera eman ziola 2010eko apirilaren 24an Iruñean eginiko agerraldi jendetsu batean, eta nabarmendu dute erabaki hori alde bakarrekoa eta ETArekin eta Espainiako Estatuarekin akordiorik egin gabe hartu zuela. Eztabaidak «sakonak eta gogorrak» izan zirela diote abokatuek, eta Gorenak «isildu» egin dituelaeztabaida horiek. Halaber, eztabaida horretatik sortutako Zutik Euskal Herria agiriak prozesu demokratikoa aurrera nola eraman eta zer bide erabili zehazten duela diote abokatuek. «Eta hor aldaketa nabarmena dago Prozesu demokratikoa agirian jasotako estrategiarekin». «Barne eztabaidaren ondorioetatik eta Sorturen estutuetatik ondoriozta daiteke [ETAren] planteamendu estrategikoak baztertzen direla eta hura desagertzearen alde egiten dela. Logikoagoa eta arrazoizkoagoa da pentsatzea ezker abertzalearen hausnarketak eta erabakiak eraman duela ETA su-etena ematera», nabarmendu dute.
Estatutuei dagokienez, bertan jasotako konpromisoak «benetakoak» direla eta beteko diren «bermeak eta garantiak» jasotzen dituztela azaldu dute. Alderdi politikoaren abokatuek salatu dutenez, Gorenak behin-behinean legez kanporatu du Sortu «alderdiaren estatutuak aztertu gabe, sustatzaileen ekintzak eta jarrerak ebaluatu gabe eta ezker abertzalearen beste kide batzuen ekintzak eta jarrerak aintzat hartu gabe».
Gorenak ezker abertzalearen barne eztabaida «isildu» duela dio Sortuk
Erabakiaren aurka, alderdiaren abokatuek baliogabetze intzidentea aurkeztu dute Auzitegi Gorenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu