Falange Española de las JONSek Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurka jarritako kereila tramitera onartu egin du Auzitegi Gorenak, epaileak 1936ko gerrako eta frankismoko desagerpenei buruzko ikerketa egiteko eskumenik ez duelakoan -ikerketa abiatu zuen Garzonek-.
Prebarikazioa egotzi zion falangeko elkarteak, eta Gorenak erabaki du Manos Limpiasek eta Libertad e Identidadek epailearen kontrako aurkeztutako kereilak harenari batzea, "berdinak direlako". Iazko irailaren 9an ia lau orduz aritu zen Garzon Gorenean Luciano Varela instrukzio epailearen aurrean inputatu gisa deklaratzen,Manos Limpiasen eta Libertad e Identidaden kereilak zirela-eta. 36ko gerran eta frankismoan desagertutakoen auzia bere gain hartuta ez zuela deliturik egin adierazi zuen Garzonek.
2008ko ekainean, biktimen senideek jarritako salaketak aztertzen hasi zen Auzitegi Nazionaleko epailea, eta desagertutako pertsonen datuak eskatu zituen. Urriaren 16an bere burua gai jo zuen auzia ikertzeko. Frankismoko goi karguei egotzi zien "gizateriaren aurkako krimena" egitea, bortxazko atxiloketengatik; delituak preskribatu gabe daudela adierazi zuen. Hainbat hobi zabaltzeko agindu zuen; tartean, Ezkabakoa (Nafarroa).
gizartea
Gorenak Garzonen aurkako beste kereila bat onartu du tramitera, frankismoko ikerketagatik
Falange Española de las JONSen eskaera ontzat jo du, epaileak desagerpenei buruzko ikerketa egiteko eskumenik ez daukalakoan. Irailean Auzitegi Gorenean deklaratzen izan zen inputatu gisa, Manos Limpias eta Libertad e Identidaden kereilak zirela medio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu