Gorenak Sortu legez kanpo uztea errefusatzen dute herritarren %54k

Euskobarometroak dio EAEko herritar gehienak baikor daudela ETAren amaierari buruz

2011ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren hamarretik seik errefusatu egiten dute Espainiako Auzitegi Gorenak Sortu legez kanpo uzteko hartutako erabakia. Baina oraindik herritar gehiago dira Auzitegi Konstituzionalak maiatzaren 22ko hauteskundeetarako Bilduren zerrendak onartu izana babesten dutenak: herritarren %64.

2011ko udaberriko Euskobarometroaren datuak dira horiek. Atzo aurkeztu zituen EHUko Zientzia Politikoetako departamentuak. Azterketa horren arabera, ETAren indarkeriaren amaieraz baikor daude herritarren %81, eta %79k baztertu egiten dute erakunde armatuak helburu politikoak defendatzeko duen modua. Uste berekoak dira Bilduri botoa eman dioten %53 ere.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren %57, berriz, maiatzaren 22ko hauteskundeetako emaitzekin pozik edo oso pozik daude, eta %80k ez lukete aldatuko beren botoa edo abstentzioa. Hori bai, herritarren %69 ez daude gustura sistema demokratikoaren funtzionamenduarekin, eta Euskobarometroaren arabera, hori Maiatzak 15 mugimenduaren eragina da.

Jaurlaritzaren kudeaketa

Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa ere izan dute aztergai 1.200 elkarrizketatuek. Erantzun horien arabera, herritarren %56k ez dute gainditzen Jaurlaritzaren kudeaketa. Politikariek jaso dituzten notak ere bide beretik doaz; izan ere, politikari batek berak ere ez du gainditu.

EAEko herritarrek dituzten kezka nagusien artean lana eta arazo ekonomikoak daude. Zerrendaren azken postuetan daude, berriz, egoera politikoa, indarkeria eta etxebizitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.