Bilboko Aste Nagusian txosnan presoen argazkiak erakutsi izanagatik Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitu zituzten Txori Barrote konpartsako lau kideak absolbitu izana garrantzitsutzat du Kepa Manzisidor abokatuak. Akusatuak errugabe jo izana bera baikorra dela dio, baina horri adina garrantzia eman die absoluzioak arrazoitzeko Auzitegi Nazionalak emandako argudioei.«Sakonera jo du, gaiaren muina aztertu du, oinarri juridiko sendoei eutsi die eta ondo argudiatu du zergatik ez dagoen deliturik». Gainera, epaia Auzitegi Gorenak aurrez ezarritako irizpideetan oinarritua egin du. Hortaz, Gorenak absoluzio epaiak berretsiko dituen esperantza du abokatuak, edo horixe litzatekeela behintzat egin beharko lukeena. «Baina ikusten ari da presio handiak daudela», ohartarazi du zalantza.
Hain zuzen, Auzitegi Nazionalak epaia kaleratu zuen egunean bertan, ostiralean, hasi ziren presoen argazkiak erakustea berez ez dela delitua dioen epaiaren kontrako adierazpenak. Herrizaingo Sailak ez duela erabakiarekin bat egiten jakinarazi zuen.
Hurrengo egunean, Ertzaintzak presoen argazkiak kentzen jarraituko duela esan zuen Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak. «Kriminal talde bat omentzeko helburua duten eta biktimen duintasuna iraintzen duten argazkiak gure kaleetatik desagerraraztea da gure nahia», adierazi zuen, Auzitegi Nazionalaren epaiarekin ez dagoela ados errepikatu ondoren. Hain juxtu, Txori Barrotekoen kasuan ez zela deliturik izan ebatzi zuten epaileek: argazkiak presoen eskubideak aldarrikatzeko helburuz erakutsi zituztela, haien nahia ez zela «terrorismoa goratu» edo biktimak umiliatzea, eta beraz, lege barruan jardun zutela.
Aresen ustez, ordea, «argi dago preso terroristen argazkiek biktimen duintasuna eta memoria iraintzen dutela, eta euskal herritar gehienek badakite argazkiak gune publikoetan jartzen dituztenen helburu bakarra terrorismo delituengatik zigortutako presoak omentzea dela». Hortaz, orain arte bezala jarraituko duela adierazi zuen sailburuak.
Horren inguruan, komeni ez zaizkion epaiei muzin egitea egotzi dio Manzisidorrek Aresi. «Nahi dutena esango dute Aresek eta poliziek, baina, orain arte, auzitegiek guri eman digute arrazoia argazkien aferan», esan du; «halere, Aresek berean jarraitzen du, eta horrek erakusten du zuzenbide estatu batean bizi ordez polizia estatu batean bizi garela».
Bi akusazioen helegiteak
Bien bitartean, fiskalak eta akusazio lanetan ari den Dignidad y Justicia (DyJ) elkarteak jakinarazi dute Txori Barroteko lau kideak absolbitu dituen epaiaren aurka helegitea aurkeztuko dutela. «Presoen itzulera aldarrikatzeko ustezko asmo horrek ez du baztertzen ehunka pertsonaren aurrean erakutsi zituzten argazkietako terroristak jendaurrean aitortzeko helburua», esan du Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak.
Aresek jakinarazi zuenez, Herrizaingo sailburuak berak larunbatean hitz egin zuen Javier Zaragoza Auzitegi Nazionaleko fiskalburuarekin telefonoz, eta epaiari helegitea jarriko diola ziurtatu zion Zaragozak. Presoen aldeko kartelak erakutsita, «terrorismoa goratu nahi dutenen aurka» egiten jarraituko duela ere esan zion Zaragozak Aresi.
DyJ-ko presidente Daniel Porterok «ezker abertzalekoen azalpenak entzuteko akatsean erortzea» egotzi dio absoluzio epaia eman duen epaimahaiari, «haiek bilatzen duten bakarra Justiziari iruzur egitea baita».
Porterok ohartarazi duenez, «asko dago jokoan» Txori Barroteko kideen aurkako auzian, «prozedura hau galtzeak gure senideen hiltzaile guztiei zilegitasunaematea ekarriko lukeelako». Euskal Herriko kaleak «hiltzaileen argazkiz josteari bide ematea» gaitzetsi du, eta beraz, Auzitegi Gorenean epaiaren aurkako kasazio helegitea aurkeztuko duela jakinarazi du.
Manzisidorrek ohartarazi du, ordea, Auzitegi Nazionalak argi azaldu duela kasu honetan zergatik ez dagoen deliturik: presoen egoerari buruzko salaketa eta aldarrikapenak egitea edo haiei elkartasuna adieraztea ez da delitua, eta horixe besterik ez da egin argazkiak erakutsita. Gorenak erantzun beharko die helegiteei, eta Auzitegi Nazionalaren epaia Gorenak beste auzi batzuetan esandakoetan oinarritu da.
Gorenak Txori Barrotekoak zigortzea juridikoki zaila ikusten du abokatuak
Presoen argazkiak jartzeagatik epaitutako lauak absolbitzeari helegitea jarriko diote fiskalak eta DyJ-k
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu