Gorenean helegitea jarri dute AHTaren Iruñeko geltokiko proiektuaren kontra

Egitasmoa egungo «egoera errealetara» egokitzearen alde agertu da Nafarroako Sustapen kontseilaria

Erredakzioa
Iruñea
2012ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Sustrai Fundazioak Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea jarri dio Iruñeko AHTaren geltokiaren eremuko hirigintza planari. 2010eko azaroan plan horren aurkako helegitea aurkeztu zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian, baina epaileek atzera bota dute. Ordea, Auzitegi Nagusiak prozesuan hutsak egin dituela salatu du Sustrai Fundazioak, baita zenbait puntutan kontraesankorra dela ere.

Nafarroako Gobernuak 2007an egin zuen Etxabakoitz auzoan Iruñeko tren geltoki berriaren eremua garatzeko Udalaz gaindiko Eragineko Sektore Planaren informazio publikoa. Ordea, Sustrai Fundazioak nabarmendu du 2010. urtean plana onartu zuten arte gobernuak jakinarazi gabeko aldaketak egin zituela. Hortaz, uste du herritarrei parte hartzeko eta informazioa jasotzeko eskubideak «lapurtu» dizkietela, eta Auzitegi Gorenera jo du.

Iruñeko tren geltoki berriarekin batera hirigintza egitasmo bat egin nahi du Nafarroako Gobernuak, 9.000 etxebizitza ingururekin. Egitasmo horrek ingurumenean kalte larria eragingo duela nabarmendu du Sustrai Fundazioak, eta informazio osoa ematea galdegin dio gobernuari.

«Gainbegiratu eta egokitu»

Anai Astiz Nafarroako Sustapen kontseilariak atea ireki dio tren azkarraren geltokiaren plana «gainbegiratu eta egokitu» ahal izateko aukerari. «Benetako beharretara» egokitu behar dela azaldu du Astizek SER irratian egindako adierazpenetan. Etxabakoitzen geltokia eta 9.000 etxebizitza egiteko egitasmoa bideragarria ote den eztabaidatu egin beharko litzatekeela uste du, ez plana «ona edo txarra» den.

Egitasmoaren aurrekontua 400 milioi euro dela gogorarazi du Astizek, eta mahaiaren gainean jarri du egoera ekonomiko onean egin ziren aurreikuspenak berrikusteko aukera. Bide batez, gogorarazi du egitasmoa egiteko Adif Espainiako Trenbide Azpiegituren Administratzailearen laguntza behar duela. Azkenik, gaineratu du Etxabakoitzeko bizilagunen kezka ulertzen duela: «Iruñeko auzo bateko hirigintza operazioak ez luke tren azpiegitura bati lotuta egon beharko».

Juan Jose Etxeberria Iruñeko Udaleko Hirigintza zinegotzia Aztizek esandakoaren aurka agertu da. «Ez da egokia plana egoera ekonomikoari lotzea; hiru urteko epean, lanak hastean, beste egoera ekonomiko batean egon gaitezke», adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.