Boto partikularraren bidez azalduko dute Espainiako Auzitegi Goreneko sei epaileek joan den urtarrilaren 13an Kepa Pikabea aske ez uztearen aurka eman zuten botoa. Diotenez, Frantziako kartzela zigorrak Espainiako espetxealdiari ez bateratuta auzitegiak ez du Europako irizpidea bete, eta, ondorioz, Estraburgoko auzitegiak baliogabetu zuen Parot doktrinarekin eginiko akatsa errepikatzen dute. Horrenbestez, uste dute Gorenak hartu berri duen erabakia baliogabetu egin dezaketela bai Auzitegi Konstituzionalak bai Estrasburgoko Auzitegiak.
Europako zuzentarauaren arabera, Europako Batasunaren herrialde bateko kartzelan emandako urteak kendu egin behar zaizkio beste herrialde bateko kartzelaldiari. Hori horrela ulertuta utzi zituen Auzitegi Nazionalak aske abenduan Santi Arrospide eta Alberto Plazaola presoak.
Joan den urtarrilaren 13an, baina, Auzitegi Gorenak ebatzi zuen zigorrak ez zirela bateratzen, eta, beraz, askatasuna ukatu zioten Kepa Pikabea presoari. Erabaki horren kontra bozkatu zuten orain boto partikularra prestatzen ari diren sei epaileek; alde, berriz, beste bederatzi epaileek bozkatu zuten.