Polizia operazioa

Gorka Lupiañez kartzelara bidali du epaileak

Ustezko etakideak inkomunikatuta segitzen du, eta tratu txarrak jaso izana salatu du. Guardia Zibilak baserri bat miatu du bart Mendatan.

2007ko abenduaren 11
18:22
Entzun
Gorka Lupiañez gaur goizean eraman dute Espainiako Auzitegi Nazionalera, Ismael Moreno epailearen aurrera,etakidea delakoan, eta epaileak kartzelara bidali du. Gainera, oraindik ez dio inkomunikazio egoera altxatu. Ostegun arratsaldean atxilotu zuten Berrizen (Bizkaia) Lupiañez (Durango, Bizkaia; 27 urte), eta ordutik inkomunikatuta daukate.

Gaur ez die epailearen eta fiskalaren erantzunei erantzun baina, hala ere, Guardia Zibilaren aldetik tratu txarrak jaso izana salatu du, auzitegiko iturrien arabera.

Juan Moral fiskalak hura baldintzarik gabe espetxeratzeko eskatu du. "Erakunde terroristako kide izatea" eta armak zein dokumentu faltsuak edukitzea egotzi dio. Guardia zibilek atxilotu zuten unean armatuta zegoela eta dokumentu faltsuak zituela esan zuten guardia zibilek, eta horregatik egotzi dizkio fiskalak delitu horiek.

Guardia Zibilak Mendatako (Bizkaia) Albitz auzoko baserri bat miatu du bart, Lupiañezek erabili izan duelakoan.

Polizia iturriek albiste agentziei agertu dietenez, 40 bat guardia zibilek baserria arakatu dute zenbait orduz, eta hainbat gauza eraman dituzte DNA frogak egiteko. Izan ere, baserria nortzuk erabiltzen zuten argitu nahi du Guardia Zibilak, ETAko kideek baliatzen zutela iritzita. Baserria alokatuta zeukaten nagusiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.