euskal presoak

Gorka Murillo libre geldituko da aurki

Gaur edo bihar askatuko dute, 30.000 euroko bermepean. Mikel Olza eta Xabier Lujanbiori eraso egin dietela salatu du AAMk.

2009ko azaroaren 26a
19:57
Entzun
Gorka Murillo (Lizaso, Nafarroa; 1977) presoa gaur edo bihar askatuko dute, 30.000 euroko bermepean, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) jakinarazi duenez.

2007ko apirilean atxilotu zuten, ezker abertzalearen aurka egindako polizia operazio batean, eta Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak espetxera bidali zuen. Egun Alcalako espetxean daukate, Madrilen.

AAMk azaldu duenez, Mikel Olzari Iruñeko presoari espetxezainek eraso egin diote. Fresnesko espetxean (Frantzia) dago Olza, eta ospitaletik kartzelara zeramatenean jazo da gertaera, AAMren arabera. "Ospitaletik bueltan hanketan eskuburdinak jarri nahi izan zizkioten eta Mikelek uko egin zion horri. Lurrean eseri zen eta poliziek arrastaka eraman zuten furgonetaraino, atzean lotuak zituen eskuburdinetatik tiraka. Aurpegian kolpeak eman zizkioten eta sudurretik odoletan iritsi zen espetxera. Eskuburdinek zauriak eragin zizkioten".

AAMk jakinarazi duenez, "erasoa salatzeko, azaroaren 15ean Fresnesen dauden euskal preso politikoek uko egin zioten patio ordua amaitutakoan zeldara itzultzeari, eta ordu erdiz minutuz bertan egon ziren".

Xabier Lujanbio presoari ere espetxezainek eraso egin ziotela salatu du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Soto del Realen (Espainia) dago eta, senideei bisita ukatu ziotela salatzeko, "patio ordua iritsi zenean presoek geldialdia egin zuten, ziegara itzultzeari uko eginez eta patioan bertan geldituz. Espetxezainek orduan isolamendura eraman zituzten. Une horretan espetxezainek Lujanbiori arakatze integrala egingo ziotela esan zioten, biluzteko aginduz. Honek bata bat eskatu zuen horretarako baina ezezkoa erantzun zioten. Eztabaidan hasi ziren eta espetxezainek bi zaplasteko eman zizkioten Lujanbiori".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.