UDALBATZEN OSAERA

Gorka Urtaran Gasteizko alkate, EH Bildu, Hemen Gaude eta Irabazik babestuta

Goizean esandakoa bete, eta PSEk txuri bozkatu du. Hori horrela, Javier Marotok bederatzi boto jaso ditu, eta EAJko hautagaiak hamalau. Irabazik iragarria zuen bere hautagaia babestuko zuela, baina atzera egin du. 14:00etan hasi da osoko bilkura Arabako hiriburuan. 

Gorka Urtaran, aginte makila jasotzen. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS
jon olano
2015eko ekainaren 13a
09:19
Entzun

Ostiral arratsaldean zirudien argi zegoela, baina azken minutura arte tentsioa izan da Gasteizen. Gorka Urtaran izendatu dute alkate, baina ez bezperan zirudien bezain babes zabalarekin. EAJk ostiral arratsaldean jakinarazi zuen EH Bilduk gobernu aldaketaren alde egindako eskaintza onartu zuela, eta Gorka Urtaran jeltzalearen hautagaitza aurkeztuko zuela alkatea aukeratzkeo bilkuran.

10:18: Gaur, ordea, Andoaingo alkate aukeraketak giroa nahasi du EAJ eta PSEren artean. Andoainen EAJ PSE babestekoa zen, baina zinegotzi batek txuri bozkatu, eta EH Bildurentzat izan da alkatetza. PSEko kide ugari haserretu ditu horrek.

12:42: Udalbatza osatu baino ordu eta laurden lehenago jakin da albistea; Andoaingoa dela-eta, PSEko idazkari nagusi Idoia Mendiak jakinarazi du Gasteizko Udalean txuri bozkatuko dutela.

EAJk Gasteizen gehiengo osoa lortzeko, hamalau zinegotziren babesa behar zuen. Irabazik goizean iragarri du bere hautagaia babestuko duela. PSEren erabakiarekin, EAJk EH Bildu eta Hemen Gaude-ren babesa baino ez zukeen lortuko; guztira, hamahiru zinegotzi: gehiengo osorako baten faltan.

13:15: Egoera aldatuta, jokaleku berria aztertzeko berehalako bilera egin du Irabazik; bertan erabaki du atzera egin, eta Urtaran babestea. Osoko bilkura hasteko bi minutu falta zirela egin du erabakia publiko Oscar Fernandez Irabaziko zinegotziak.

14:00etan izan da osoko bilkura, eta goizean zehar esandakoak bete dituzte alderdiek; PPko bederatzi zinegotziek Maroto babestu dute, eta EAJ, EH Bildu, Hemen Gaude eta Irabazi-k, berriz, Urtaran; hamalauk, guztira. Txuri bozkatu dute PSEko lau zinegotziek. Edurne Begiristain kazetariak zuzeneko kontakizuna egin du.

Alkate gisa eginiko lehen hitzaldian, hura babestu dutenei eskerrak eman dizkie Urtaranek, eta, bereziki, alderdikide ez dituenei. Adierazi du elkarbizitza berreskuratzea, krisia gainditzea eta hiria eraldatzea izango direla bere lehentasunak legealdian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.