«Simone de Beauvoir filosofo frantziarrak emakumea ez dela jaiotzen, bilakatu egiten dela zioen». Bat dator ondorio horrekin Elvira Burgos filosofoa. «Gizakiari jaiotzetik ez zaio zenbait ekintza gauzatzeko ahalmenik ematen, ikasi egiten dira». Espresatzeko, adibidez, hizkuntza ikasi behar da. Izatea norbera inguratzen duten balioen ondorio da. «Guk ez dugu aukeratzen hitz egingo dugun hizkuntza, kanpotik inposatzen digute». Horregatik, Burgosek ez du uste gorputzaren esanahia hormonek adierazten dutenik, egoerek baizik. «Gorputza munduan egoteko dugun era da». Horregatik, testuinguruaren arabera gorputzak egin eta desegiten direla dio, jasotzen duen eskarien arabera erantzuten dutelako.
Gorputzak gizartean eta gizarteak gorputzean duten eraginaz mintzatu zen Zaragozako Unibertsitateko irakasle Elvira Burgos, atzo, Bilbon. 200 entzuleren aurrean mintzatu zen. Asteazkenean hasi zen Generoak, sexualitateak eta gorputzak topaketa, eta gaur bukatuko da.
XIX. mendeko teorietan oinarrituta feminismoa gorputzetik hasten dela diote adituek. Generoaren bilakaera aztertuta, ordea, gorputza patriarkatuari lotuta dagoela nabarmendu du Burgosek: «Urte askoan gizonari pentsatzeko balioa eman zaio, baina emakumea sexurako tresna gisa ulertu izan da». Horregatik, pentsatzen du gorputzaren definizioa berritu eta barneratu behar dela.
«Ni bakoitzaren atzean gu bat dago. Gizakia ez da indibidualista, ezin dugu bizitza bakarturik aurrera eraman». Haatik, inoren eta ezeren beharrik ez duten pertsonen ondoriotzat jo ditu eraso sexistak. «Batzuek albokoa hiltzen dute inoren beharrik ez dutelako».
Adituaren iritziz, generoak eta gorputzak bizitza baldintzatzen dute. Horren erantzuletzat jo du kultura: kaleak ezarritako ereduari jarraitzen diotenek dute aurrera egiteko baliabide gehien. «Azal zuriko gizona, heterosexuala eta gizarteko klase ertain edo goikoa bazara, lana eskuratzeko aukera gehiago izango dituzu. Gorputzak markatzen du geroa».
Hori dela eta, Burgosen ustez, gizarteko talde batzuen iraupenerako gutxiengoa diren taldeen desagertzea bultzatzen da. Multzo horretan kokatu ditu, esaterako, gay eta lesbianak. «Sexualitateak gorputz eta subjektu bezala markatzen gaitu». Izan ere, mende askotan emakume edo gizon izateak aukerak bereiztu ditu. «Eskema hori hausten duena zigortu egiten da».
Unibertsaltasunari kritika
Unibertsalizatzeko proposamenaren atzean gorputz bat egoteari ondo deritzo Burgosek. Onartezintzat duena unibertsalizatzen diren figura bakarrak gizonezkoak izatea da. «Hemengo gizartean ikuspegi heterosexualak agintzen du. Zer gertatuko litzateke lesbianen ikuspuntua eredu bakartzat hartuko balitz?». Ez du jende guztia lesbiana bihurtzea proposatzen, gizartearen pentsamendua aldatzea baizik.
Izan ere, irakaslearen hitzetan, naturala zer den kulturalki definitzen den gauza da. «Hori da aldatu behar dena».
Besteak beste, nabarmendu du desira sexuala ezarri egiten dela. «Arropa, rolak... hasiera batean inposatutakoak dira, ondoren egiten ditugu gure, eta desiraren arabera transformatzen ditugu gure gorputzak». Berdina ala bestelakoa izatea. Hara hor Simone de Beauvoirren gakoa.
«Kulturak maskulinoa feminismoaren gainetik jartzen du». Burgos kezkatuta dago Robinson Crusoe literatur pertsonaiak hedatu zuen mitoari heltzen diotelako askok oraindik: «Badirudi bakartutako uharte batean bizitzeko sortu garela gizaki modernoak. Horregatik dago hainbeste biolentzia. Lurralde batzuek uste dute ez dutela beste herrialdeen beharrik eta zapaltzeko eskubide osoa dutela».
Unibertsitateko ikertzailearen esperientziaren arabera, gizartea nolakoa izan, halakoa izango da pertsona. «Ezagutzen ez ditugun gorputzek ere eragiten dute gure bizitzetan, horiek direlako sisteman balioak ezarri edo hizkuntza sortu dutenak», aditzera eman du.
Gorputzaren munduak mundua gorpuzten du. Horregatik, esan du geroa aldatzeko norbera dela aldatu behar dena.
Gorputza, gizartearen isla
Sexualitate eta genero desberdinek bizitzan dituzten ondorioez mintzatu da Elvira Burgos filosofoa Bilbon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu