Azaroaren 25a. Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna

Gorputzak deskolonizatzera

Patriarkatuak andreen bizitzak modu askotara mugatzen dituela salatzeko kanpaina egin du Alternatibak

Ana Etxarte eta Amaia Agirresarobe Alternatibako kideak, Kolonizatutako emakumeak kanpainako kartela eskuan dutela. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2011ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Kolpeak izozmendiaren erpina dira, ur azpitik masa handia baitauka emakumeen aurkako indarkeriak: andreak «sexualki, ekonomikoki eta politikoki makurrarazteko» eta haien askatasuna mugatzeko estrategia ugari martxan jartzen ditu patriarkatuak, Alternatibak jakinarazi duenez. Hartara, ostiralean, emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako egunean, mugimendu feministen mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du: «Emakume guztiek libre izan arte borrokan jarraituko dugula ozen esateko eguna da. Indarkeria mota guztietatik libre izan arte: gure gorputzen, geure buruen eta gure ahotsen kolonizaziotik libre».

Argentinako Mujeres Publicas talde feministaren lanean oinarritu da Alternatibaren Kolonizatutako emakumeak kanpaina. Amerikako kolonizazioa «emakumeen gorputz eta bizitzen kolonizazioarekin» alderatu dute, eta Kristobal Kolonen itsasontzien izenak erabili dituzte indarkeria moldeak irudikatzeko.

Hala, batetik, Santa Mariaren bidez, eliza eta moral katolikotik jasotako «kolonizazioa» salatu du Amaia Agirresarobe Alternatibako kideak: «Sakrifizio eta erruduntasunaren bidez, emakumeek euren gorputzaz eta sexualitateaz goza dezaten saihestu nahi du». Bestetik, Niñak neskatoa irudikatzen du, hezkuntzak emakumeen rolak txikitatik ezartzen dituela azaleratzeko: «Guretzat desiragarria zer den, nolakoak izan behar dugun eta zer izan gaitezkeen mugatzen du». Azkenik, Pintak edertasun aginduei erreparatzen die: «Ezinezkoa den emakume ereduak morroi bihurtu nahi gaitu, besteen desio objektu izatera eraman».

Hortaz, Agirresarobek berretsi du emakumeen aurkako indarkeria «egiturazkoa» dela, eta ikuspegia zabaldu beharra nabarmendu du: «Erantzunak ezin dira soilik polizialak, judizialak eta asistentzialak izan. Emakumeen jabekuntzan oinarritutako erantzun osoak bilatu behar ditugu, gizonen eta emakumeen arteko harremanak zein antolaketa soziala aldatuko dutenak». Era berean, indarkeriaren aurkako borroka lehentasunezkotzat hartzeko eskatu die erakundeei.

LABen protokoloa, martxan

Lan esparruan ere badenez emakumeen aurkako indarkeria, ostiralean kalera aterako da LAB. Lan mundua bera «sexista» dela dio sindikatuak, eta sexu jazarpena da horren «adierazlerik bortitzena». Hartara, orain hiru urte landutako protokoloa martxan jartzen hasi da azken asteotan, delegatu eta afiliatuei zein lantokietara helaraziz. Dagoeneko ehun enpresatan baino gehiagotan egin du LABek protokoloak negoziatzeko eskaera.

Era berean, «lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparrua eratu bitartean», sexu jazarpenari aurrea hartzeko programa eskatu die instituzioei. Lan ikuskaritzarekin bereziki kritiko mintzatu da Zaloa Ibeas LABen Emakume Saileko arduraduna: «Ez dute jarraipen mekanismorik, eta sarri, ikerketetan trabak jartzen dituzte». Hartara, Hegoaldeko hiriburuetan erakundeoi «interpelazio zuzena» egingo die LABek ostiralean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.