Gorpuzki batzuk topatu zituzten atzo Getxoko Arrigunaga hondartzan (Bizkaia), eta auzitegi medikuak ikertzen ari dira ea bateragarriak diren joan den urtarrilean leku berean topatutako gorpuzkiekin. Abenduaren 24an Barakaldon (Bizkaia) desagertutako pertsona batenak ziren duela bi hilabete topatutako gorpuzkiak, eta, horren harira, Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen martxoaren 8an Barakaldon, azaldu ziren gorpuzkiekin zerikusia zuelakoan. Horrez gain, Ertzaintzak gorpuzkiak zituzten bi poltsa aurkitu zituen martxoaren 8an Bilboko itsasadarrean, Ibaizabal ibaian, eta Arrigunagako kasuarekin lotura izan zezaketela adierazi zuen Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak.
El Correo egunkariak kaleratu du atzo gorpuzkiak topatu zituztela Arrigunagan, eta adierazi du Ertzaintzaren urpekariak eta txakurrak hondartza miatzen ari direla gorpuzki gehiago topatzeko.