Otegiri Euskal Herrian bakearen alde eginiko ekarpenengatik saria emanda “terrorismoa goratu” izana leporatu diote Jose Maria Gorroño Gernikako alkateari. Otegirekin batera, Jesus Egiguren PSE-EEko presidenteari ere eman zioten saria. Dignidad y Justicia elkarteak salatu du.
Ziarreta eta Gezuragaren aburuz, Espainiako Estatua “berriro ere lotsagarri” geratuko da, Europako giza eskubideen aldeko antolakundeek “ondo” ezagutzen baitute Gorroñok eginiko lana; Gernikaren ibilbidea “bakea, normalizazioa eta bizikidetza” lortzeko “oso baliotsua” izan dela gaineratu dute.
Gorroñori babesa adierazi ostean, Espainiari mintzatu zaizkio: “Estatuak ez du gure iritzia errespetatzen, eta kriminalizatu egiten du euskal gizartearen gehiengoaren nahia eta hautatutako bidea”.
Espainiari Euskal Herriaren bidea “oztopatu” nahi izatea egotzi diote, eta haren “inmobilismoari” aurre egiteko deia egin dute: “Aurreko testuinguru politikoarekin eroso dagoelako, euskal gizartea jorratzen ari den bideari sabotajea egiten dio”.
“Obsesio berezia”
Dignidad y Justiciak bigarren aldiz salatu du Gernikako alkatea; Gorroñorekin “obsesio berezia” izatea leporatu diote Ziarretak eta Gezuragak. Bestalde, Espainiak Dignidad y Justicia eta Auzitegi Nazionala “bere estrategiarako” erabiltzen dituela salatu dute.