Itziar Moreno euskal presoari jarritako bakartze egoera salatzeko asmoz, gose greban dira Fresnesko euskal presoak maiatzaren 10az geroztik. Orain, haiekin bat eginez, ostiraletan gose greba egingo dutela iragarri dute Ile de Reko euskal presoek, Jakes Esnal, Jon Rubenach, Ander Mujika, Fermin Martinez eta Zigor Merodiok. Bihar hasiko dituzte protestak.
Bizi baldintzak hobetzeko eskatuz protestak abiatu zituzten Fresnesko preso sozial emakumezkoek apirilaren bukaeran. Borroka horri lotu zitzaizkion gero euskal presoak; Etxerat-en arabera, zuzendariari gutun bat bidali zioten, eta patiotik ziegara bueltatzeari uko egin zioten egun batean, hamar minutuz. Protesta horien ondorioz, bakartu egin zuten Moreno maiatzaren 2an.
Horiek hala, Ile de Reko euskal presoek gutun bana bidali diote astero Fresnesko zuzendaritzari, bakartzea amai dezatela eskatzeko. Bide batez, presio egin dezatela ere eskatu diete Ile de Reko arduradunei.