Iñaki De Juana Chaos, Aranjuezko (Madril) espetxean duten euskal preso politikoak gose greba mugagabeari ekin dio, Askatasunak jakinarazi duenez. Donostiako presoak hainbat gose greba egin ditu urteotan, eta heldu den abuztuaren 2an da aske geratzekoa.
"Bere familiaren eta beraren kontra martxan den intoxikazio eta presiorako kanpaina mediatiko onartezina eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboari ezartzen zaion salbuespeneko espetxe politika, zeinak presoak bizi osorako zigortzea eta espetxean ustel daitezen bilatzen duen, dira gose greba honi ekiteko arrazoiak", Askatasunari azaldu dionez.
"Euskal preso politikoen kontra bizi arteko zigorra ezartzen da", nabarmendu du Askatasunak. "Horren erakusle nagusi ditugu muturreko kasuak; Jose Mari Sagardui Moja Gatza, espetxean 28 urte bete berri dituena, kondena izugarriak bete ostean hauek luzatzeko dotrina ezarri zaien 28 preso politikoak -hauetarik 23k kalean beharko lukete kondena beteta dutelako-".
150 baino gehiago dira ezarritako zigorraren 3/4ak edo 2/3 beteak izan arren kartzelan mantentzen dituzten euskal presoak.
"Politika hau PSOEren Espainiako gobernuak preso politikoak espetxean ustel daitezen ia 750 euskal preso politiko jo puntuan dituen ildoa da. Euskal Preso Politikoen kolektibo osoari ezartzen zaion salbuespen politika, zeinak indefentsio egoerarik larrienean den kolektiboaren erabilpen ankerra eginez, Euskal Herriko egoera politikoa baldintzatu eta mugimendu independentistari xantaia egitea bilatzen duen".
Iñaki De Juanaren kasua, berriro ere aipaturiko egoeraren erakusgarri dela dio presoen eskubideen aldeko erakundeak. "17 urteko espetxe zigorra bete ondoren, kalera atera ez zedin helburuarekin oinarri juridikorik gabeko kausa berriak zabaldu zizkioten, bi iritzi artikulu aitzakia harturik. Hiru urte gehiago bete ostean, Iñaki eta bere familia zigortzen jarraitzeko ahalegin guztiak egiten ari da PSOEren gobernua, eskura dituen tresna guztiekin; injustizia eta inposaketa politikoaren zerbitzura funtzionatzen duen Espainiako sistema judiziala, kazetaritza irizpideekin baino, irizpide errepresiboen zerbitzura lan egiten duten komunikabide eta kazetariak, eta abar", jarraitzen du komunikatuak.
Horiek hala, Askatasunak espetxe politika honen kontra borrokatu eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren eskubideak babesteko eta elkartasuna zabaltzeko deia egin du.
Euskal presoak
Gose greba mugagabeari ekin dio De Juana Chaosek
Bere senideen eta beraren kontrako toxikazio eta presio kanpaina salatzeko abiatu du protesta, baita euskal presoei ezartzen zaien espetxe politika salatzeko ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu